Oier Azkarraga. Mirentxineko ordezkaria

«Zama arintzen lagundu du Mirentxinek»

Jaietako lehen egunean jaso zuten Txosnisaria. BERRIA.
E. Etxeberria Soria
Gasteiz
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Euskal preso politikoen senideak kartzeletara eramateko jaio zen Mirentxin Gidariak kolektiboa. Duela hilabete batzuk agur esan zion kolektiboak. Haren ibilbidea eta lana eskertzeko, Gasteizko txosnetako Txosnisaria jaso dute aurtengo jaietan. Oier Azkarraga (Zuia, Araba, 1990) kideak «txandak, lana eta borroka» uztartu beharko ditu aurten ere, herri mugimenduaren lana bultzatzeko helburuz.

Espero zenuten aurtengo Txosnisaria jasoko zenutela?

Berez, ez genuen espero. Egia da Mirentxinek aurten agurra egin ostean Judimendiko jaietan ere suziria botatzeko ohorea edo saria guretzat izan dela, eta Itsas Martxan ere omenaldia egin digutela. Hainbat lekutan gure lana eskertu digute, baina ez genuen espero horrelako saririk.

Zer esan nahi du sari hori jasotzeak zuentzat?

Txosnisariak ibilbide oso bat saritzen du. Mirentxinek urte asko eman ditu lanean presoen senideak espetxeetara eramateko, eta guretzat garrantzitsua da gizarteak eta herri mugimenduak ere eskertza hori egitea. Poz handiz jaso dugu.

Mirentxinek lan handia egin du urteetan. Nolakoa izan da zure esperientzia kolektiboan?

Lan handia egin du Mirentxinek; urte askoan sekulako ekarpen politikoa egin du, eta ekarpen humanitarioa ere bai. Mirentxinen egin dugun ekarpena, militante gisa, seguruenik ez da horren handia izan; militantzia eroso bat izan da, ez zitzaigun eskatzen gehiegizko lana: bidaiatxo bat egin behar genuen noizean behin espetxeetara, eta hori zer da konparatuta senideek asteburuero-asteburuero espetxeetara joan behar izatearekin? Ekarpen txiki batekin lortzen genuena zen ekarpen handi bat egitea kolektiboa handitu zen heinean.

Kolektiboak agur esan du. Nola hartu zenuten erabaki hori?

Batzuetan kostatzen zaigu agur esatea, baina Mirentxinen agurra zerbait lortu dugun adierazgarri da. Oraindik asko dago lortzeko euskal preso politikoei dagokienez, etxeratzea baita gure helburua. Mirentxinek egiten zuen bidea dispertsioaren aurkako bidea zen, eta, hori amaitze bidean dagoen neurrian, Mirentxinek ere amaitze bidea hartu zuen. Senideek jada ez zuten gure laguntzaren horrenbesteko beharrik, eta erabaki genuen ordua zela indarrak beste leku batzuetan jartzeko.

Zer balorazio egiten diozu urte hauetan egindako lanari?

Mirentxinek lan handia egin du azken urteetan; zama arintzen lagundu du. Horrelako ariketak ezinbestekoak izan dira azken urteetan, eta ezinbestekoak izango dira etorkizunean ere.

Noizbait alde egin behar izan duzu jaietan Mirentxinekin?

Bai. Urte batean gertatu zitzaigun, eta jaietako asteburuan alde egin behar izan genuen Mirentxineko bidaia bat egiteko. Berezia izan zen hori ere, bidaia horretan beste gasteiztar batzuk zeudelako jaiak ospatu ezin izango zituztenak, eta hor sortu zen elkartasuna polita izan zen. Dispertsioak ez dauka egutegirik. Atera behar da beharrezkoa denean, eta guri ere gertatu izan zaigu ezin egotea jaietan Mirentxineko bidaia bat edukitzeagatik.

Zer asmo duzu jaietarako?

Ahalik eta gehien disfrutatzea, betiere txanda batekin uztartuta, garrantzitsua baita hori ere. Jaiak txanden bidez ateratzen ditugu aurrera; horregatik, biak uztartu beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.