Euskararen foru dekretua

Txibitek azaldu du errealitatea hartu dutela oinarri, eta «arduraz» jokatu

Gobernuko lehendakariak aipatu du dekretua bigarren seihilekoan onartuko dela. Euskara «arma gisa» erabiltzeari uzteko eskatu du

Maria Txibite, atzo, Nafarroako Parlamentuan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Atzo, parlamentuan,Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak baieztatu zuen eremu ez-euskalduneko lan deialdietan euskara meritu gisa ez hartzeko asmoa jasoko duela dekretuak. Aitzitik, oraindik ez dute erabakirik hartubeste hizkuntzak meritu gisa hartzeari buruz. «Deialdi bakoitzean, lehiaketako epaimahaiak erabakiko du hori, lanpostuaren funtzioen arabera». Errealitate soziolinguistikoari erreparatu nahi izan diotela eta hori «arduraz» jokatzea dela arrazoitu zuen.

Hogei hilabete iragan dira Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen aurreko dekretua edukiz hustu zuenetik. Gobernuak iragarri zuen segurtasun juridikoa emateko asmoz dekretu berria 2020 hasierarako prest izango zela, baina oraindik ez da onartu. Atzo, Txibitek azaldu zuen zirriborroari azken ukituak ematen ari direla: lehenik, funtzio publikoko mahai orokorreko sindikatuei pasako zaie, eta, ondoren, gobernu kontseiluak onartuko du. Dekretua berez bigarren seihilekoan tramitatzea espero du.

Edukiari dagokionez, baieztatu zuen euskara meritu gisa hartuko dela eremu euskaldunean, eta eremu mistoan,«herritarrentzako arreta postuetarako». Dena den, haren ustez, euskararen sustapena ez da mugatzen administraziora, hori «ikuspegi murriztailea» baita. Txibitek esan zuen aurreko gobernuak egindako deialdietan ez zuela euskara meritu gisa hartu eremu ez-euskaldunean. Hala, eskatu zuen uzteko euskara «arma gisa» erabiltzeari.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek erantzun zion errealitate soziolinguistikoaren argudioa «gezurra» dela, alemana bai hartu nahi delako meritu gisa. Gaineratu zuen dekretuak euskara meritu gisa ez hartuz gero de facto debekatu egingo duela, nahiz eta Auzitegi Nagusiaren epaiak zein Nafarroako Kontseiluak debeku hori ez ezarri. Ruizen ustez, irizpide politikoen arabera jokatzen ari da PSN, eta, sektore atzerakoienen erreakzioaren beldur, egiazki haien mesedetan aritzea aurpegiratu zion Txibiteri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.