Hezkuntza. Ikasleen arteko jazarpena

Familiak, kezka gainetik kendu ezinik

Familiekin lan egiten duten elkarteek zalantzakor jaso ohi dituzte zenbaitetan sendiak, kasuaren larritasunari neurria hartu ezinik; badira eskoletan egiten den lana aski den dudan jartzen dutenak.

arantxa iraola
2015eko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ume Alaia adopzio familien Gipuzkoako elkartean dihardu Rosa Barriok. Umeek eskolan dituzten elkarbizitza arazoen harira, kezkatuta heltzen zaizkio familiak usu; bullying kasu bat izan daitekeelakoan, aholku eske. «Eta susmoa dut diren kasu guztiak ez zaizkigula iristen». Izan ere, onartzen du, haur adoptatuek askotan dituzten ezaugarriengatik —azalaren kolorea, jatorria, familia biologikotik aparte haztea...— aparteko zaurgarritasuna dutela. Eta sendi zenbaitek helarazten dieten susmoa da jazarpen kasuak «minimizatzera» jotzen dela. Kanpotik arinak diruditen eraso asko, ordea, ume zenbaitentzat oso mingarriak izan daitezke. «'Zure amak abandonatu zintuen' entzun behar izateak, esaterako, ume batek erraiak iraul ditzake». Arrazaren inguruan esaten zaizkien hitzak eta irainak ere «minimizatzera» jotzen dela adierazten diote zenbat familiak.

Bizipen gogorretatik datoz usu adopzioan hartutako umeak. «Askotan besteekin erlazionatzeko zailtasunak dituzte; biktima errazak bihurtzen ditu horrek». Erasotzaile ere bai zenbaitetan. Umeen joera horien atzean zer egon daitekeen, ordea, ez dela taxuz aztertzen pentsatzen du Barriok. «Umea gaizki portatzen dela, besterik ez da ikusten; ez da ikusten zein den horren jatorria». Era berean, ustezko jazarpen kasuetan ez zaiela behar adinako informaziorik esaten diote hainbat sendik: isilperako joera dagoela. Eta hainbatetan ez dituzte ulertzen eskolek harturiko neurri motak: «Zenbaitetan, ematen du babes handiagoa ematen zaiela erasotzaileei biktimei baino».

Zenbait irain eta burla «minimizatzeko» joera ikusten du, hainbat kasutan, Jesus Estonbak ere. Berdindu pertsona gay, lesbiana, bisexual eta transexualen arretarako euskal zerbitzuko ordezkaria da Gipuzkoan. Sexu joeragatiko jazarpen kasuak ohikoak izaten direla oroitarazi nahi du, eta, zentzu horretan, tentuz jokatu behar dela. «Bide luzea dago egiteko. Zentro askotan urduritasuna ageri da sexu aniztasunaren gaia agertzen denean, eta askotan ez dute erremintarik izaten gaia lantzeko», ohartarazi du. «Eta gauza bat baliabiderik ez izatea da, baina askotan oinarrian egiten da kale: ez da gaiari buruzko kontzientziarik izaten». Horrelakoak oraindik ere usuegi ikusten direla iruditzen zaio. «Hainbat portaeraren aurrean, esaten da umeen kontuak direla, baina uste baino arriskutsuagoak dira egoera asko», azaldu du. «Maritxua esanda, esaterako, ez naiz ari inor hiltzen; baina kalte handia egiten ari naiz portaera horrekin. Mingarriak diren mezuak helarazten jarraitzen da».

Biktima, eta erasotzaile

Gipuzkoako harrera familien elkarte Beroako gizarte langilea da Maite Pagola. Aski egoera zailak pasatako umeei abaroa ematen diete sendi horiek ere maiz, eta, eskolan, dena da zailagoa haientzat. «Argi ikusten dugu haur horiek etiketa batekin iristen direla eskolara, eta beraiekiko beste begirada bat ekartzen duela horrek: ezberdina. Irakasle askok ez dakite nola tratatu hori». Eta arazoak badira. «Ari dira errespetu falta keinuak agertzen». Biktima izateko arrisku handiagoa izaten dute harreran hartutako umeek; barruko ondoezak eraginda, erasotzaile izateko joera ere bai zenbaitetan. Tresna eraginkorragoak nahi lituzkete horrelakoetarako.

EAEko Arartekoan haur eta nerabeen ardura duen bulegoko zuzendaria da Elena Aiartza. Administrazioak bullying kasuei aurre egiteko dituen baliabideak, oro har, «egokiak» direla uste du; ez dute aparteko kexurik jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.