urtzirrutikoetxea
Kataluniako hauteskundeak. LEKU-LEKUTAN

Asko dago jokoan

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Imre Kerteszek Zoririk ez eleberrian Holokaustoa kontatzen zuenean, mutiko baten ahoan jartzen zuen gertatutakoa, eta haren azalpena. Urratsek azaltzen zuten zer jazo zen; berehalakoan jasangaitza zitekeena, urratsez urrats normaldu eta egun batetik bestera arrunt bihurtzen zen ordura arte auzunean zebiltzan lagun haiek, trenetan Poloniara bidean zihoazen haiek, gehiago ez ikustea.

Shoah ezin da inoiz ezerekin alderatu, horregatik konparazio antzua suerta daiteke, baina urratsen elementu horrek nabarmen jartzen du zein neurritan denboraren joanak hainbat egoeratara ohitzea dakarren. Euskal Herrian ere badakigu zerbait horri buruz, eta harritu ere egiten gara oraindik, Katalunian edo Espainian kexuak eta salaketa larriak entzutean gurean hain ohikoak ziren eskubide zapalketengatik, pertsonen miaketa edo adierazpen askatasunarekin loturiko auziak tarteko.

Kataluniako Errepublikako gobernua erbestean, preso edo mehatxupean kalean dela datoz botere kolonial batek deituriko hauteskundeak, katalanik gabeko hauteskunde batzorde batek araututa eta Eguberrietako zuhaitz bateko txirikorda horiak kentzeraino iristen dela absurdoa. Eta batzuetan distantzia hartzea ere komeni da: nazioarteko agentzietako iragarpenei begira, Kataluniak hartuko du aste honetan protagonismoa.

Eta hortik aurrera zer? Independentistak gehiago izango direla, 155a, autonomia kentzea eta Madrilen aginte zuzena babesten duten alderdiak baino. Gehiengo osoa izango duten, parte hartzeak baldintzatuko du neurri handi baten. Eta Espainiatik datorren zurrumurrua—burrunda eta zarata, hobeto esan— ez dago zantzu handirik katalanak mobilizazio handi baterako prestatzen dabiltzanik dioenik. Unionistek badakite emaitza on baterako bide bakarra zein duten, baina ehuneko 80 eta are parte hartze handiagoak iragarri arren batek baino gehiagok, duela bi urtekora hurbiltzea ere mobilizazio erraldoiaren seinale litzateke, eta orduan eskubidea zutenen lautik hiruk eman zuten botoa. Aldeak alde, badu 2001eko Mayor Oreja-Redondo Terreros bikotearen botoaren itxura, Madrildik etengabe iristen den informazioari erreparatuz gero. Gertatzen da, baina, egoera agonikoa oso aspalditik dagoela Katalunian eta nekez baloratu litekeela horrek zein ondorio izango dituen hautesleengan. Espainiako hedabide nagusien jokaldia, Prisa taldearena bereziki, agerian gelditu da: Ciutadans hauspotzea, haren inguruan biltzea boto unionista. Marketing operazioetan lehen ere kale egindakoa da alderdi laranja, horratik. Eta Ciutadansi zein PSCri igoera ematen dioten inkestek boto-emaile berriak nondik eskuratzen dituzten ere begiratu beharko lukete, biak nabarmen igotzea esanguratsua ere bada eta.

Paradoxikoa da, etsipen itxura horren eta gris kolorearen gainetik, edo urrundik, Europa osoaren begiak izango dituztela katalanek begira. Espainiari emandako karta zuriak merezi izan duela erakusteko unea dute, sudurra estaltzearen prezioa arazoa egiaz neutralizatzea izan dela. Espainiak bere buruari sinetsarazitako emaitzatik zenbat eta urrunago egon, are eta boto gehiago Kataluniako Errepublikak, orduan eta irmoago eutsi nahiko dio 155ari eta egoera kolonialari. Bruselako mobilizazio erraldoiak eman dezake ideiarik oraindik ere bizi-bizirik den mugimendu bati buruz. Edozelan ere, muturrekoa da egoera dagoeneko, eta Madrilek nahieran luzatuta ere, Europan bada mugarik, Belgikak agerian utzi duen legez. Marka litzateke brexit-aren dibortzioa negoziatu eta konponbidean jartzeko gai izan denak —besterik da Theresa Mayk etxean dituen arazoak— ez izatea gaitasunik Europako Batasunaren baitan sortzen ari den ezegonkortasun foku nagusia bideratzeko. Asko dago jokoan 21ean. Eta 22an geratuko den panorama oso garrantzitsua izango da Errepublikak zein bide duen jakiteko, edo 155aren eta demokraziaren ukazioak zapalkuntza legitimatzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.