Bilbo Zaharrean gizon bat hil dute, eta Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu

Kalean tiro egin diote gizonari, eta Ertzaintzak uste du emakume batekin izaniko harremana dagoela oinarrian. Alkateak «irmotasuna» eskatu du

Etxe batean egon ondoren, beren burua entregatu zuten bi gizonek. L. TEJIDO/EFE.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gizon bat hil zuten atzo arratsalde hasieran Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, 14:40 aldera deiak jaso zituzten larrialdi zerbitzuetan, tiroketa bat gertatu zela Bilbo Zaharreko Bruno Mauricio Zabala kalean. Kalean bertan tiro egin zioten gizonari, eta zerraldo geratu zen. Ingurua hesitu egin zuen Ertzaintzak, tiro egin zutenak inguruan zeudelakoan. Etxe batean itxita eman zuten ordubete baino gehiago, eta 16:00ak aldera atzeman zituzten. Bi gizonezko dira. Poliziaren lehen hipotesien arabera, emakume batekiko harremanagatik hasi zuten eztabaida, kalean.

Bizilagunen lekukotzetan oinarrituta albiste agentziek azaldu dutenez, atxilotutako bi gizonek eta hildakoak eztabaida handia eduki zuten kalean bertan. Liskarrean ari zirela, eskopeta bat atera zuten bi gizonek, eta burura tiro egin zioten beste gizonari; Ertzaintza eta anbulantziak joan ziren, eta ordurako hila zen gizona.

Polizia iturriek azaldu dutenez, auzokoak dira hildakoa eta bi atxilotuak —bi horiek aita-semeak dira—. Ertzaintzak uste du akusatuetako baten bikotekidearekin harremanak izan zituela hildakoaren anaiak, eta auzoan sartzea «debekatu» ziotela familia horri. Atzo eguerdian kalean ikusi zuten gizona, eta tiroka amaitu zuten.

Tiro egin ondoren, kale bereko etxebizitza batera sartu ziren bi gizonak. Ertzaintzaren esku-hartze unitateek itxi egin zuten ingurua, eta ordubeteren bueltan beren burua polizien esku utzi zuten biek. Atxilotuta eraman zituzten. Etxe horretan hiru eskopeta aurkitu zituzten ertzainek. Halako arma batekin egin zioten tiro gizonari, ehizako eskopeta batekin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaitzetsi egin du hilketa, eta justiziari eskatu dio «irmo» joka dezala horrelako kasuekin. Sanfran Auzokideak elkarteak kezka agertu du auzoan «segurtasunik eza» nabarmena delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.