Steilas, eredu «inklusibo eta publiko» baten alde

Steilasek kontseilu nazionala egin du Bilbon, hezkuntza eredua eta 0-3 zikloa hizpide. Maiatzean eginen dute XII. kongresua, Iruñean

Steilas sindikatuko ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hezkuntza sistemak nolakoa behar duen; horretaz aritu ziren atzo Steilas sindikatuko kideak, Bilboko Sarriko unibertsitatean eginiko kontseilu nazionalean. Eskola «inklusiboa, feminista, euskalduna, kalitatezkoa eta publikoa» nahi du sindikatuak, eta hori aldarrikatuko dute maiatzaren 27an eta 28an Iruñean eginen duten kongresuan.

Noranzko bakarra, publikoa lelopean eginen du XII. kongresua Steilasek, eta, horretan, txosten berria aurkeztuko dute. Atzoko kontseiluan aurkeztu zuten txosten horren zirriborroa. Agiriak «bizi dugun egoera pandemikoaren testuinguruaren azterketa» jasotzen duela azaldu zuten sindikatuko arduradunek, eta, horrez gain, bi atal nagusi izanen ditu: batetik, Steilasek bilatzen duen hezkuntza ereduaren berritzea; eta, bestetik, lan sindikalaren oinarriak.

Kongresuan aurkeztuko duten txostenean azaltzen denez, hezkuntza sistemak sei ezaugarri izan beharko lituzke, sindikatuaren ustez: hezkuntza inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala, kalitatezkoa eta publikoa izan beharko luke. Ezaugarri bakoitzari atal bat eskaini diote dosierrean. Txostenean, «sindikalismorako oinarriak» ere aletu dituzte egileek, «atalka, eta sektorez sektoreko gogoetek lagunduta».

Atzoko kontseiluaren bigarren zatian, 0-3 zikloaren «birdefinizioa» izan zuten eztabaidagai. Zehazki, azpimarra jarri zuten «haur hezkuntzako lehen zikloak duen errealitate kontrajarrian, pribatizazio basatian eta bertako langileen lan baldintzen prekaritatean».

Kontseilua amaitzeko, elkarretaratzea egin zuten Steilaseko kideek, Hezkuntza legea, publikoa ardatz lelopean, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari direnhezkuntza akordioari eta hortik aterako den Hezkuntza Legeari erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.