«Hemen baliabide hobea da olatua haizea baino»

Irune Lasa.
Donostia
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Olatuetarako turbinek izango dute paisaian eraginik?

Ez. Haize errotak urrundik ikusten dira, nola eta non jartzen duzun arabera, baina olatuen energiako asmo desberdinetan ia guztiak itsas mailakoak dira, edo murgilduta; kostatik ez duzu ezer ikusiko; beharbada buia antzeko bat, han urrunean.

Flotagarriak izan daitezke edo itsas hondora lotu behar behar dira nahitaez?

Lotuta egon behar dute, olatuekturbina mugiarazi behar baitute, ez eraman. Hondora finkatuta egon behar dira.

Eta hemengo sakoneretan posible da?

Bai. Plataforma eolikoekin arazoa izaten da pisu eta tamaina oso handia izaten dutela, eta haiek kateekin lotzeko kostua oso handia izaten da. Olatu turbinak ez dira horren handiak eta kateatzea edo loturak ez du hainbesteko eragina azken prezioa.

Zaila egiten zaigu imajinatzea nola egongo den itsaso barruan, ezta?

Mutrikukoa oso berezia da portuan dagoelako; hori ez da normala, eta olatu energiaren zabalkunde industriala ez da portuetan finkatutakoa izango, itsaso irekian baizik.

Izango dira toki batzuk hobeak, Ipar Itsasoa edo, sakonera txikiagoa dutelako?

Bai, baina beste aldetik abantaila hori hobeto baliatzen duzu eolikoak jartzeko, potentzia handiagokoak direlako. Zer jarriko dugu hemen olatuenak edo eolikoak? Eolikoek argindarra merkeago sortzen dute. Alegia, itsaso oso sakona ez bada, normalena eolikoetara jotzea da.

Euskal kostaldean eolikoek flotagarriak izan beharko lukete. Baina olatuentzako turbinek, aldiz, ez.

Bai, eta, gainera, hemen baliabide bezala, hobea da olatua haizea baino. Etorkizunean, beharbada noizbait izango ditu plataforma eolikoak, baina lehenago joango dira Kanariar uharteetara, Galiziara... Beharbada azken inbertsioak izango dira hemengoak, haize gutxiago dabilelako.

Olatuentzako turbinak eta arrantza bateragarriak izango dira?

Nolabait plataformak babestu beharko dira, eta kokaguneak finkatu. Baina normalean horiek eztabaidatu eta negoziatu ahalko dira. Nire ustez, bai, neurri batean mugatzen duzu arrantzarako esparrua, baina konpentsazioak negoziatu daitezke... Ez du horren eragin handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.