Garaipena ospatu, besarkadarik gabe

Izurriaren kontrako neurriek galarazi dute ospakizun jendetsuak egitea, baina, hala ere, zaleek topatu dute bidea Athleticen garaipena nola edo hala ospatzeko; atzo iluntzean, pozak leiho eta balkoiak hartu zituen.

Athleticeko lau zale, beren etxean bandera jarrita, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

San Mamesen dagoen pantaila erraldoian Griezmann gola sartzen ari zaio Athletici. Ez dago arazorik; denek dakite horren ostean datorrela Villalibreren gola, partida berdinduko duena, eta geroago Williamsek finala desorekatu behar duela gol bikain bati esker. Kiribil baten moduan ari dira Athleticen zelaiko pantailan partidaren irudiak ematen, baina jadanik zale guztiek dakite zein den emaitza: Athletic da Espainiako Superkopako txapeldun berria.

Ikusi gehiago:Orain gehiago nahi dute

Hala ere, giroa ez da garaipen handietakoa. Leiho eta balkoi ugari agertu dira ikurrin eta bandera zuri-gorriekin apainduta, kalean ere ugariak dira soinean Athleticen elastikoa, kapela edo maskara daramatenak, baina beste egun gogoangarri batzuetako euforia puntu hori falta da. Garaiak ez dira aproposenak ospakizunetarako: ezin inor besarkatu, ezin jendetzarik bildu, ezin kaleak bete. Zaleek beste modu batzuk bilatu behar izan dituzte pozari jaregiteko.

San Mames inguruko tabernek ez dute gezurrik esaten; edaritegi batek Athletic, Estadium, La Catedral edo Aliron baldin badu izena, ez da aztia izan behar haren joera igartzeko. Amorebieta taberna San Mames aurrean dago, ikur zuri-gorriz eta Athleticeko jokalarien argazkiekin apaindua dago, eta telebistan bezperako partidaren irudiak daude ikusgai. Barraren beste aldean Jose Manuel Aparicio dago: «Atzo [herenegun] aspaldiko partez osorik ikusi nuen Athleticen partida. Izan ere, azken bolada honetan sufrimendu itzela zen Athleticen partidak ikustea. Horrekin, eta daukagun egoerarekin, depresioa ziurtatuta duzu. Baina oraingoan ez, labur egin zait».

«Egoera» aipatu du Apariciok, eta, hain zuzen ere, hori du arrangurarik handiena: «Gauzak normal izatera, partidaren egunean hau beteta egongo zen. Baina ez; badirudi guk dugula izurriaren errua. Nik autobusetan eta supermerkatuetan tabernetan baino jende gehiago ikusten dut, baina errudunak geu gara. Zaleak joan daitezke Bigarren Mailako partidak ikustera; San Mamesera, berriz, ez: badirudi Lehen Mailako taldeetako bazkideok eskubide gutxiago ditugula».

Erresumina darie Aparicioren hitzei; Iker Ramirez, aldiz, pozarren dago, eta Barakaldotik Bilbora etorri da goitik behera zuri-gorriz jantzita. «Azken minutuetan gaizki pasatu genuen», aitortu du. «Baina azkenean ondo irten zen. Ezin izan nuen askorik ospatu, ezta oihurik egin ere, alaba lo zegoelako. Egia da egun arraroa dela, baina altxatu, Athleticen elastikoa jantzi, eta alaba ere zuri-gorriz jantzita eraman dut ikastolara».

Gaztetxoak ere

Begoñako Andra Mari ikastetxean amaitu da atsedenaldia, eta kalean egondako ikasleak eraikinean sartzen hasi dira. Badirudi gaztetxoak, ikastetxera barik, futbol zelaira doazela: gehien-gehienek elastiko, tapauka eta txano zuri-gorriak daramatzate. Uxue Etxabek ez dauka horrelakorik, baina bera ere zalea da: «Oso ondo jokatu genuen, beste partida batzuetan ez bezala. Nik, aukeran, nahiago nukeen garaipena ospatu ahal izatea eta kalera ateratzea mundu guztiarekin, baina dagoena dago, eta beste modu batera ospatuko dugu. Gainera, oraindik falta da Kopako finala; egongo da ospatzeko astia».

Itziar Iriarte ere Indautxu inguruan dago, aldean jantzi zuri-gorriak daramatzala. Baina Iriarte ez da edozein zale, Athletic bihotzez izeneko blogean idazten duelako: «Ia perfektua izan da dena: Real Madril eta Bartzelona garaitzea, taldeak eman duen irudia, Aritz Aduriz han egotea, argazki ofizialean Gaizka Garitano sartu izana... Xehetasun ederrez beterik egon da dena. Oilo ipurdia jartzen zait».

Dena perfektua izateko, ospakizun jendetsua baino ez zen falta izan. Eta, besterik ezean, horri ere irtenbidea topatu zioten zaleek. Sare sozialen bidez hedatutako deialdi bati erantzunez, 20:00etan leiho eta balkoietan ospatu zuten zaleek Athleticen garaipena, Bilbon eta Bizkaiko beste zenbait herritan: txaloka, zarataka, kantuz, txapliguak jaurtikiz eta abar. Besarkada eta bilkura jendetsurik gabe, baina pozik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.