Erkizia, Rozas, Zabaleta eta beste, XIII. Ikuspuntuko Dokbizia atalean

Diziplina ezberdinetako artistak elkartuko ditu aurten ere zinemaldiak, Baluarten. 'Ahotsak ez du gezurrik esaten inoiz' lelopean arituko dira

Erredakzioa
Iruñea
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Martxoaren 11tik 16ra bitartean, Ikuspuntu zinemaldia egingo dute Iruñean, hamazortzi herrialdetako 30 filmerekin Sail Ofizialean eta Jonathan Schwartzi eskainitako atzera begirako batekin, besteak beste. Sail Ofizialeko epaimahaian, Eva Sangiorgi kultur kudeatzaile italiarra, Dennis Lim ikerlari eta programatzaile estatubatuarra eta Erika Balsom idazle eta akademiko britainiarra arituko dira.Balsomek parte hartuko du, halaber, Dokbizia diziplinarteko atalean.

Ikuspuntu jaialdiak iaz estreinatu zuen Dokbizia, eta, aurtengoan, Balsomekin batera, Lawrence Abu Hamdan artista libanoarra, Erik Bullot zinemagile frantsesa eta Niño de Elche musikari katalana elkartuko dituzte, hiru euskal herritarron ondoan: Xabi Erkizia ikerlari eta soinu artista, Ixiar Rozas idazle eta ikerlaria eta Idoia Zabaleta koreografo eta performerra.

Ahotsak ez du gezurrik esaten inoiz lelopean arituko dira guztiak Baluarten, martxoaren 12tik 15era bitartean. Meredith Monk artista estatubatuar eklektikoari hartutakoa da leloa, eta bozaren inguruko gogoetarako bideak urratu nahi ditu, zinemagileak, teorikoak, soinuaren inguruan lan egiten duten artistak, idazleak eta performerrak bilduz. Horretarako, bakoitza bere adierazpidetatik eta kezketatik abiatuko da.

Xabi Erkiziak irekiko du egitaraua, martxoaren 12ko 20:00etan, Ahotsa interferentzia gisa saioarekin. «Entzuteko zinema» proposatuko du. Biharamunean, Erika Balsomek Amor Mundi hitzaldia emango du 17:00etan; eta Ixiar Rozasek, 20:00etan, zinema xuxurlatua eskainiko du Mapa ez da paisaia lanarekin.

Martxoaren 14an, Idoia Zabaletak Top mantras saileko Tengo tiempo performancea egingo du, 17:00etan. Ordu berean, Lawrence Abu Hamdamen ikus-entzunezkoak eskainiko dituzte; eta 20:30ean, Niño de Elcheren Haizeek gezurra daroatesaio esperimentala hasiko da. Erik Bullotek itxiko du atala, martxoaren 15ean,Boz goran hitzaldi performatiboarekin. Itzultzaileek zineman duten zereginaren gaineko gogoeta proposatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.