Realak ez du aukerarik izan Valentziaren aurka, eta 3-1 galdu du

Julen Etxeberria -

2018ko urtarrilak 14
Ez du ondo hasi urtea Realak. Talde txuri-urdinak bi partida jokatu ditu, eta biak galdu ditu. Duela astebete 2-1 galdu zuen Athleticen aurkako derbian, eta atzo 3-1 Valentziaren kontra. Bi norgehiagoken artean, hala ere, bada alderik. Derbian, nor baino nor aritu zen ia neurketa osoan, eta azken unera arte izan zuen aukera berdintzeko. Atzo, ordea, punturen bat lortzeko aukerarik ez zuen izan. Valentzia hasi eta buka nagusitu zitzaion.

Partidak protagonista bat izan zuen, Mari Paz Vilas Valentziako aurrelaria. Lehen itzulian, berak sartutako golari esker irabazi zuen Valentziak Zubietan (0-1). Atzo, berriz, erakustaldia eman zuen, etxekoen hiru golak sartu baitzituen. Lehen biak aurreneko zatian egin zituen. Beraz, atsedenaldira iritsi aurretik Valentziak bideratua zuen garaipena. Etenak ez zuen ezer aldatu, eta Mari Pazek hirugarrenez zulatu zuen Mariasun Quiñonesen atea, 58. minutuan. Partida amaitzear zela sartu zuen Realak gola. Naiara Beristainek egin zuen, Valentziako jokalari izandakoa, hain zuzen.

Athletic, boladari eustera

Athleticek, berriz, gaur eguerdian jokatuko du, Lezaman, Santa Teresaren aurka. Talde zuri-gorriak denbora luze darama esne mamitan, irabazi egin baititu azkeneko zortzi partidetatik zazpi. Horri esker, sendo dago sailkapeneko hirugarren postuan. Atletico Madril eta Bartzelona ahaltsuak bakarrik ditu aurretik. Atzetik, berriz, sei eta zortzi puntura ditu Valentzia eta Levante, baina bi talde horiek norgehiagoka bat gehiago jokatu dute. Athleticek ez luke gaur arazorik izan behar beste garaipen bat kateatzeko, aurkari oso apala baita Santa Teresa: azken-aurrena da, eta 11 puntu ditu, zuri-gorriek baino 22 gutxiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Etxeberria

Informazio osagarria