Paleolitoko animalia irudiak topatu dituzte Zestoako Astuigaña koban

Zaldi baten eta ahuntz baten irudiak identifikatu dituzte adituek Zestoan, eta orain dela 13.000 edo 12.000 urtekoak direla zehaztu dute
Astuigañako haitzuloko horman topatutako marketan ahuntz bat eta zaldi bat identifikatu dituzte.
Astuigañako haitzuloko horman topatutako marketan ahuntz bat eta zaldi bat identifikatu dituzte. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Iñigo Astiz -

2016ko apirilak 22
Paleolito aurreratuko hainbat grabatu eta irudi topatu dituzte Zestoako Astuigaña haitzuloan (Gipuzkoa). Antxieta Jakintza Taldea kultur elkarteak egin du aurkikuntza, Gipuzkoako Foru Aldundiak gune horretan bultzatutako miaketa arkeologiko bat egiten ari zirela. Zaldi bat eta ahuntz bat identifikatu ahal izan dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurrearen Ikerketarako Taldearekin batera egindako aurre ebaluazioan, eta marra gehiago ere topatu dituzte. Oraindik ikerketa osoa egin gabe dute, ordea, eta ez dute marra horiek ezer irudikatzen ote duten zehazterik izan. Itxi egin dute haitzuloa, eta ikerketa sakonagoa egingo dute orain.

Data jarri ahal izan diete grabatuei, halere, lehen ikerketa horri esker. Zehaztu ahal izan dutenez, harriz egin zituzten marka horiek horman, eta duten estiloa kontuan hartuta, gutxi gorabehera orain dela 13.000 edo 12.000 urte egindakoak izan daitezkeela ondorioztatu dute. Paleolito aurreratukoak, alegia. Izan ere, kanpoko lerroa irudikatuz egiten zituzten garai hartan horma irudiak, eta halakoxeak dira Zestoan topatutako arrastoak. Eta datu hori kontuan harturik, markak Madeleine Aldikoak direla esan dute adituek. Garai hori oso emankorra izan zen arte sorkuntzan, eta ordukoak dira, adibidez Ekain, Altxerri eta Aitzbitarte V leizeetan topatutako irudiak ere. Errealitatea modu naturalista batean irudikatzeko ahamena erakusten dute garai hartako irudiek, eta halakoak dira Astuigañan topatutakoak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez.

Kobazuloa berez ez da handia, baina Aldundiak zehaztu duenez, leizeko gune «estu eta ezeroso» batean topatu dituzte grabatuak. Gutxi dira aurkitutako irudiak Ekainen dauden 76 irudiekin alderatuta, adibidez, baina halako marken garrantzia azpimarratu du Aldundiak ohar batean. «Horiek aztertzea ezinbestekoa gertatzen da multzo handiak ulertu ahal izateko, multzo handiak garaiz garai gehitutako irudiz osaturik baitaude, zientoka edo milaka urtetan». Kontrara, garai zehatz bateko artegintza ikertzen lagun dezakete Astuigañan aurkitutakoen gisako irudi multzo txikiek eta, hain zuzen ere, horregatik dira garrantzitsuak. Gainera, irudien balio sinbolikoa ezagutzeko ere baliagarriak izan daitezkeela zehaztu dute adituek.

Babestuta zuen leizea Eusko Jaurlaritzak aurrez ere, baina labar artea duten koba guztiak bezala, babes gorena izatera pasako da orain Astuigaña.

Iaz, beste bi aurkikuntza

Goi Paleolitoan bizi ziren giza taldeentzako pasabide naturala zen Euskal Herria, eta populazio dentsitate handia dokumentatu dute adituek garai hartan. Duela 43.000 eta 12.000 urte, alegia. Paleolitoko labar artea duten haitzulo multzo handia ere identifikatu dute adituek Euskal Herrian, eta haziz doa gainera azken urteetako aurkikuntzei esker labar artea duten kobazuloen kopurua.

Zestoan bertan, adibidez, Danbolinzulo eta Erlaitz kobazuloetan ere irudiak topatu dituzte azken urtean. Goi Paleolitoko orein eta ahuntzen pinturak aurkitu zituzten iazko urtarrilean Danbolinzulon, eta otsailean eman zuten Erlaitzen identifikatutako animalia irudien grabatuen berri. Antxieta Jakintza Taldeko kideek egin zituzten bi aurkikuntza horiek ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna