HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Saharako itsasoa'

Izeba bidaiaria

Idazlea: Lur Gallastegi. Ilustratzailea: Aritz Eiguren. Argitaletxea: Elkar.

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Zarate haur literatura Sariaren azken irabazlea da Saharako itsasoa. Larogeita lau orrialde ditu, hemeretzi ataletan banatuta, eta Haizea deritzon neskato bat da protagonista. Obra irakurterraza da, baina gaztetxoentzako gomendagarriagoa haurrentzako baino, proposatzen dituen gaiak aintzat hartuta.

Mendebaldeko Sahararen okupazioak azpiko gai gisa zeharkatzen du nobelatxo hau, kontakizunaren ageriko motibazioak haur baten gatazka emozionalak baldin badira ere. Lur Gallastegik motibazio politiko (ezkertiar) nabarmenarekin plazaratzen duen bigarren lana da, aurrekoa —Limoiondoaren loreak (Elkar, 2017)— Iraultza Sandinistareninguruan josi baitzuen, migratzaileen gaiarekin batera uztartuta.

Jarrera politikoa edozein delarik ere, interesgarria gertatzen da gaztetxoekin politikaz hitz egiteko heldulekuak izatea, aspaldi ulertu zuten legez.

1970eko hamarralditik aurrera, ezkerrekotzat jotzen diren gizarte eta politika gaiak bere egiten hasi ziren idazleak, garaiko gizarteak zuen aldaketa nahiak hauspotuta. Esanguratsua izan zen Gianni Rodariren Telefonozko ipuinak (Elkar, 1983) ipuin bilduma, garaiko ezkerraren aldarrikapenak eginez, edota lehentxoago argitaratu zen Michael Enderen Momo (1973) lana, Alemanian ez ezik, mundu mailako harrabotsa sortu zuena, gizarte eredu kontsumistari egiten zion kritikagatik. Diktadurapeko Euskal Herrian korronte honek oihartzun eutsia izan zuen, salbuespen bakarra (?) Herrialde berdea (J.A. Aranguren/ J.B. Mujika, 1974) albuma genuke, klandestinoki argitaratu eta banatuta, makina bat haurrengana zabaldu zuena euskal gatazkaren iruditeria kolektiboa.

Geroko urteotan jarrera politiko ezkertiar horrek («gurean ezkerrak aldian aldian izan duen jarrera politikoa» esan beharko genuke, akaso?) motibatu izan du euskal sortzaileen hainbat lan. Gehiegi arakatu gabe, Saharako itsasoa obraren adinako aldarte politikoa duten hauek etorri zaizkit eskutara: Eloy bilduma (A. Hernandez, Ikusager, 1979), Justin Hiriart bilduma (Fructuoso & Harriet, Erein, 1983-1989, [2015ean berrargitaratu zuten]), Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak (K. Izagirre, Elkar, 1991),Haizearen tunela (J.K. Igerabide, Giltza, 2009), Pikolo (P. Zubizarreta, Alberdania, 2008), Anubis 3.0 (D. Fano, EHko Ikastolak, 2012), Nemo kapitainaren azken bidaia (C. Suarez, Erein, 2017)... Askoz gehiago dira, zalantzarik gabe.

Testuaren nolakotasunetara itzuliz, Saharako itsasoa arina da, informazio osagarria eta ageriko narrazioa elkarri gehiegi oztopatu gabe eskaintzen duena, egitura sinple eraginkor bati esker. Baliabide guztiak irakurlearen emozioak hanpatzera jarrita daude, eta batzuetan idazleari eskuetatik joan egiten zaiola ematen du. Itsasoa lehenengo aldiz ikusten duen gaztetxo batek hau dio, esateralp: «Herri honetakoon negar-malkoak zirela pentsatu dut hasieran» (40.orrialdean). Ez ahaztu kontakizuna errealista dela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.