Herritarren %60k gastuak urritu beharko dituzte krisiarengatik

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Deustuko Unibertsitateko Deusto Cities Lab katedrak ikerketa bat abiatu du Prest egitasmoaren izenpean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek pandemian izan dituzten jarrera eta iritzien inguruan. Ikerketan, konfinamenduan herritarrek izandako zailtasunak eta ezinegonak bildu dituzte, alde batetik. Bestetik, pandemiaren osteko errealitatea herritarrentzat nolakoa den jakin nahi izan dute. Egoera berri honetan, herritar gehienek ez dute uste leku publikoak seguruak direnik, osasun neurrien aldetik. Seguru sentitzen dira hainbat eremu itxitan, besteak beste eskoletan eta ospitaleetan, baina ez hondartzetan edota igerilekuetan. Halere, osasun egoerak baino kezka handiagoa sortzen du herritarrengan pandemiak ekarri duen eragin ekonomikoak: ikerketaren arabera, herritarren %60k gastuak murriztu beharko dituzte krisiari aurre egiteko.

COVID-19aren krisiak herritar ugariren jarrerak aldatu dituela erakutsi du ikerketak, eta elkartasun handiagoa dagoela gizartean. Herritarren %70ek lehen baino nahi handiagoa dute inguruko pertsonei laguntzeko: kezka berezia sortzen dute pertsona zaurgarrienen eta helduenen zaintzak. Pandemia garaian asko hitz egin zen «balkoietako poliziez», baina herritar gehienek ez dute uste jarrera egokia denik arauak hausten dituzten pertsonak seinalatzea.

Koronabirusaren krisiak ohiturak aldatzea ekarriko du etxe askotan, eta eguneroko jarduerak moldatzea. Itxialdi garaian, auzoetako saltokiek garrantzia berreskuratu zuten, eta, orain ere, herritar gehienak prest daude tokiko merkataritza hori bultzatzeko. Halere, ikerketarako elkarrizketatuen erdiek alde ekonomikoari begiratzen diote: prezioak eta eskaintzak hartzen dituzte kontuan. Hain zuzen ere, gehienak ez daude prest bere soldata murrizteko edo zerga gehiago ordaintzeko errealitatea pandemia aurrekora itzul dadin.

Konfinamenduko kezkak

Konfinamenduak iraun zuen bi hilabeteetan, kezka nagusiak telelana eta kontziliazioa izan ziren. Etxetik lan egiteak eta familia zaindu behar izateak «ondorio larriak» eragin ditu elkarrizketatuen artean. Bestalde, askorentzat familiako kideen arteko harremanak indartzeko balio izan du bizitako egoerak. Aurrez aurreko harremanik ez izatea ere zailtasun handia izan da askorentzat, «indarberritzailea» baita bizitza soziala. Bizi izandakoa bizi ostean, herritarrek espero dute bizilagunen eta komunitatearen arteko sareak berpiztea, eta gizarte «solidarioago» bat izatea aldaketarako gakoa. Publikotasunaren garrantzia agerian geratu da osasun krisiarekin, eta gehienentzat beharrezkoa da hori indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.