Merkataritza gune handien zerga berreskuratuko du Nafarroak

Bi mila metrotik gorako azalera duten dendek ordainduko dute, hogei inguruk. Auzitegiek ontzat hartu dituzte mota horretako zergak

Iruñeko merkataritza gune handi bat, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Saltoki handiek zerga bat ordaindu beharko dute Nafarroan, saltoki txikiei eta haien inguruan sortzen den bizitza sozialari eta ingurumenari eragiten dieten kalteaz konpentsatzeko. 2019. urtearen hasieratik aurrera, denda handien zerga berreskuratzea erabaki du Uxue Barkosen gobernuak, tasa hori bertan behera utzi eta bi urtera. Zerga berriak ekarpen nahiko txikia egingo dioNafarroako Ogasunari —bi milioi euro inguru urtean—, eta hogeiren bat saltokik ordaindu beharko dute; hipermerkatuek eta altzari dendek, batik bat.

Historia luze eta gorabeheratsua du saltoki handien gaineko zergak. 2001. urtean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, baina Espainiako Gobernuak, PPren esku, auzitara eraman zuen, eta ez zen indarrean sartu. Prozesu luze baten ondoren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo zuen, 2012an, baina hiru urtez bakarrik ezarri zen. Izan ere, Europako Batasunak auzitan jarri zuen Nafarroak eta Espainiako beste erkidego batzuek saltoki txikiak salbuesten zituen zergakezartzea. Aurten jakinarazitako epaiketan, ordea, zerga horiek ontzat jo dituzte Europako zein Espainiako auzitegiek.

Parlamentuaren oniritzia jasoz gero, 2013an zuzendutako araua jarriko da indarrean. Horren arabera, 2.000 metro koadrotik gora duten metro azalera bakoitzeko hamabi euro ordaindu beharko dituzte saltokiek. Aparkalekuarengatik ere ordaindu beharko dute, baina neurri txikiagoan.

Beste aldaketa batzuk

Denda handien zerga berreskuratzea atzo onartu zuen Nafarroako Gobernuak, neurri txikiagoko beste zenbait neurri fiskalekin batera. Errenta zergari dagokionez, enpresaren zati bat erosten duten langileek zerga kenkaribat jasoko dute, eta akzioak eskuratzea ere erraztuko dute. Bestetik, langileen pentsio osagarrietara enpresek egin dezaketen ekarpena 3.500 eurora mugatuko dute.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, Nafarroan film bat egiten dutenentzat baldintzak aldatuko dituzte: zerga kenkaria nahi dutenek gutxienez %40 filmatu beharko dute Nafarroan (%25 zen lehen), eta gehienez hiru milioi txikitu ahal izango dute zerga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.