Hamaika arrazoi alde izateko

Ekonomiarentzat, politikarentzat, euskararentzat eta beste hainbat alorrentzat garrantzitsua da Euskal Lurralde Elkargoa sortzea, Baionan egindako mintegian bildutako eragileen arabera.

Publikoa, atzoko mintegian, entzuten. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Tokiko erabakiak tokian bertan hartzeko tresna litzateke Euskal Lurralde Elkargoa. Aldaketa nabarmen hori dute hainbat eragilek nabarmentzen. Hala egin zuten, behintzat, atzoko mintegian. Hain zuzen, ezagupen instituzionalik ez ukanki, gaur egun Pauetik, Bordeletik zein Paristik hartzen dira erabakiak, maiz bertako errealitatea kontuan hartu gabe. Hamaika arrazoi azaldu dituzte Lurralde Elkargoaren alde egoteko.

DANIEL OLZOMENDI Udalbiltzako lehendakariordea

«Proiektuak eraikitzeko beharrezkoa dugu Euskal Lurralde Elkargoa»

«Udalbiltzarendako argi da Euskal Herri mailan lan egin behar dugula eta pragmatikoki proiektuak eraman behar ditugula. Gure eskema orokorrean sartzen da Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sostengatzeko, pragmatismoan sartzeko eta proiektuak eraikitzeko beharrezkoa dugu. Ezinbestekoa da».

MICHEL BERGER Hemen elkarteko kidea

«Nahi dugun ekonomia eredua gauzatzeko aukera emango liguke Lurralde Elkargoak»

«Nahi dugun ekonomia eredua gauzatzeko aukera emango liguke Euskal Lurralde Elkargoak. Euskal Herrian erabakitzen baldin bada, ekonomia hobeki garatuko da. Bertako pertsonek eginda asko egin daiteke. Argiki ikusten dugu Herrikoa edota Eusko ekimenekin. Noski, behin eta berriz eskatzearen bortxaz kontzientzia hartzea izan da, eta lortu ditugu tresna batzuk, baina ez da nahikoa. Adibidez, arazo handiak badira laborantzaren arloan, departamenduan bi errealitate izanki».

IONE JOSIE Kontseiluko kidea

«Hizkuntza politika eraginkor batek burujabea izan behar du, bertatik kudeatu beharrekoa»

«Funtsezkotzat ditugun bi puntu ekarriko lituzke Euskal Lurralde Elkargoak. Lehena da estatusarena. Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, funtsezkoa da ofizialtasuna. Bigarrenik, hizkuntza politika eraginkor batek burujabea izan behar du, bertatik kudeatu beharrekoa. Uste dut Lurralde Elkargoak gaitasun hori har lezakeela, eta, azkenean, tokian tokiko elkarteekin eta kanpoko esku hartzerik gabe kudeatuz eraginkorragoa liratekeela. Hendaiako ikastolaren afera bezalako kasuak saihets daitezke».

FRANCIS POINEAU ELB sindikatuko kidea

«Tokiko garapen politika bat planteatzen ahal genuke»

«Laborantzari doakionez, Lurralde Elkargoarekin diru laguntzen banaketak erabakitzen ahalko genituzke, eta hori Euskal Herri mailan, lehentasunak guk finkatuz. Bestalde, tokiko garapen politika bat planteatzen ahalko genuke ere. Tresna horrek jendeetarik hurbil egon behar du. Gaur egun, gu departamenduan itoak gara, eta euskaldunon artean aterabideak atzematen baditugu ere maiz ezeztatzen ditu Paueko logikak».

TEREXA LEKUNBERRI Euskararen Kultur Erakundeko arduraduna

«Orain ari garen maneran, beti norbaiten menpe gara»

«Orain lanean ari garen maneran, Ipar Euskal Herri honetan, beti norbaiten menpe gara... edo departamenduaren menpe, edo Frantziako Estatuko administrazioaren menpe, eta horiek haien ikusteko manera badute. Hori agertzen da daramatzagun proiektu guztietan. Iruditzen zait gure lurraldea ukanez, kultura politika bat eramaterakoan, gu garenetik, gure izatetik abiatuko gintezkeela, eta ez kanpoak inposatzen dizkigun kategoria batzuetarik».

DANI CAMBLONG Ipar Buru Batzarraren bozeramailea

«Euskal Lurralde Elkargoarekin Euskal Herriak aurpegi bat eta ahots bat ukanen luke»

«Euskal Lurralde Elkargoarekin Euskal Herriak aurpegi bat eta ahots bat ukanen luke. Itxura bat ukanen genuke gure izenean mintzatzeko eta gure helburuak defenditzeko. Denak biltzen gaituelako da garrantzitsua gaurko eguna. Orain, eskakizuna karrikara eraman behar dugu. Momentuan hautetsiek eta arduradunek dute eramaten, eta, nire ustez, karrikak ez du aski bere eskuetan hartu aldarrikapena. Hori ez duguino eginen indar guti ukanen dugu Parisi begira. Horrentzat du egungo egunak garrantzia».

ANITA LOPEPE Sortuko kidea

«Urrats bat litzateke Euskal Herriaren eraikuntzan»

«Hainbat alorretan hemen berean gure egunerokoa kudeatzeko tresna eraginkorrena ekarriko digu Lurralde Elkargoak. Abertzale ikuspegitik, urrats bat litzateke Euskal Herriaren eraikuntzaren bidean, ezagupen instituzionala emanen liokeelako Ipar Euskal Herriari. Bide horretarik hain segur erraztasun handiak emango lizkiguke Hego Euskal Herriko instituzioekin lan egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.