Merkataritza. Denda txikiak. Pedro Campo. Cecobiko presidentea

«Banatzaile handiek zerga asko ez dituzte ordaintzen»

Lehia bidegabea dago Interneteko salmenta plataforma handien atzean, Camporen ustez. Izan ere, zerga asko ez ordainduta, merkeago sal dezakete produktu bera.
MONIKA DEL VALLE / @FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko abenduak 2
Herritarren kontsumo ohitura aldaketaren harira kezka azaldu du Pedro Campo Cecobiko presidenteak, baina dendariek egungo errealitatera egokitu behar dutela aldarrikatu du era berean. Bizkaiko merkatariak biltzen dituen federaziotik hainbat egitasmo bultzatu dituzte joera berriak dendetan txertatzeko, eta azaldu du hortik jarraitu behar dela. Hala ere, patronaleko buruak azaldu du erakundeek eta kontsumitzaileek ere ardura daukatela txikizkako merkataritzaren etorkizunaren alde lan egiteko.

2018ko lehen hiruhilekoko datua emana du Cecobik: Bizkaiko merkataritzaren salmentak %60 jaitsi ziren urte hasieran.

Urte hasieran eguraldiak ez zuen lagundu, eta kontsumoa ez zen espero zen bidetatik joan. Krisia piztu ostean, bazirudien 2013an joera aldaketa bat zetorrela, baina, iaztik, geldialdi bat sumatzen ari gara, eta aurten bilakaera hori baieztatu dugu. Hala ere, oraindik Gabonetako kanpaina daukagu aurretik.

Zein aurreikuspen daukazue?

Emaitzak urte amaieran begiratu beharko ditugu, baina espero dugu iazko datuen pare ibiliko garela.

Kontsumo ohiturak aldatzen ari diren lekuko dira datuak?

Kontsumoa ez da pizten ari, eta horrek ere erakusten du ohitura aldaketa bat gertatzen ari dela. Baina joera berriei ez diegu beldurrik izan behar. Merkataritza gune handiak agertu ziren garaian ere jendea beldurtu egin zen, eta denda txikiak desagertuko zirela esan zuten askok. Baina ez, elkarrekin bizi ahal izan dugu. Internet agertu da, eta banaketa komertzialean beste katebegi bat izango da.

Azken urteetan, ordea, asko ugaritu dira Internet bidez egiten diren erosketak. Denda txikiei zenbateraino ken diezaieke merkatua?

Egia da asko handitu dela erosketa mota horren kuota, baina hori horrela da zerotik abiatzen garelako. AEBetan, kontsumo kuotaren %40 inguru hartzen du Internet bidezko erosketak, eta gu oraindik %20 inguruan gaude. Alegia, oraindik hazten jarraitzeko tartea dago hemen ere, baina aurreikusten dugu %40 inguruko kopuru horretan geldituko dela. Hala ere, horrek ez du esan nahi tartaren zati hori banatzaile erraldoien esku geratuko dela nahi eta nahi ez. Pilak jarri, eta egoera berrira egokitu behar dugu, mehatxu moduan ikusten dena aukera gisa ulertzeko.

Europari eskatu izan diozu auzian esku hartzeko. Zein neurritan?

Denek berdintasunean lan egitea eskatzen dugu, denok eduki dezagun marko bera. Hau da, banatzaile enpresa horiek zerga gutxi ordaintzen dituzten herrialde batean daude, eta hemen egiten dituzten salmentetan zerga asko ez dituzte ordaintzen; BEZa, esaterako. Orduan, Interneten produktu bera merkeago erosten denean, zergarik ordaintzen ez delako da. Horrek hausnarketa eskatzen du, diru sarreren ihes handi bat daukatelako erakundeek, eta ez dutelako merkatariek ordaindu behar duten zerga kopuru bera ordaintzen. Bestalde, kontsumitzaileak pentsatu behar du zein eratako gizartea nahi duen. Pentsioak, osasuna, hezkuntza eta garraio publikoa, besteak beste, denda bateko erosketen bidez ordaindutako zergekin finantzatzen dira.

Dendariek aprobetxa dezakete atari erraldoi horiek eskaintzen dien aukera plataforma horiek erabiliz, edo euren buruari harria botatzea litzateke?

Kalterako da, noski. Plataforma horietan erosketak egiten dituzten kontsumitzaileei beste ohartarazpen bat egin nahiko nieke: gaur egun, atari horiek erabiltzaileen datuak erabiltzen ari dira. Hori nahi dute? Egiten dituzten erosketen harira eskaintza pertsonalizatuak egingo dituzte.

Dendariek zein modutan egin diezaiokete aurre egoera horri?

Erosleak kontzientziatu behar dira. Alde horretatik, kanpainak egitea ezinbestekoa da, kontsumitzaileak jakitun egon behar baitu zer egiten ari den. Irudipena daukat askotan ez dutela horretan pentsatu ere egiten. Hala ere, pena ematearen aurka nago, argumentuak landu behar baititugu, eta horiek behar bezala transmititu kontsumitzaileei. Interneten aritzen diren plataformekin berdintasunean lehiatu beharko genuke, eta, horretarako, zerga sistemaren gaia landu beharra daukagu, ezinbestekoa iruditzen zait.

Merkataritzaren erabateko liberalizazioa ere kritikatu izan duzu, dendari txikien aurka doalako... Zein prozesu ikusten duzu?

Europako Batasunetik kuotak jarri izan dira beti. Ikusi besterik ez dago arrantzarekin eta industriarekin zer gertatu zen. Denean daude kuotak, baina merkataritzan denak balio du. Liberalizazio prozesu batean dago. PPk, esaterako, beherapenen kontzeptua desagerrarazi zuen, eta hori sekulako kolpea izan zen dendarientzat. Horren eraginez, beherapen epeak desagertuz joan dira, eta ondo funtzionatzen zuen eredu bat kendu zieten dendariei. Horrek merkataritza mota jakin bati bakarrik egin zion onura.

Baina molde zaharrek balio dezakete egungo ereduari aurre egiteko?

Bai, erabat. Kontzeptua berreskuratzea da kontua. Denboraldia amaitu ondoren stocka kentzeko balio zuten beherapenek, baina, orain, urtaroa hasterako daude beherapenak. Hori engainu hutsa da, eta ez da posible.