Maria Jesus Fernandez Ollero. Psikologoa eta irakaslea

«Euren osasunaz anitz kezkatzen diren emakumeak izan ohi dira»

maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Prostituzioan jarduten duten emakumeen osasunari buruz egin zuen doktore tesia Maria Jesus Fernandez Ollerok (1966, Krefeld, Alemania). Asturiasen egin zuen ikerketa, 2011n; lurralde horretan 2.000 prostituta zeudela kalkulatuta, 215ekin mintzatu zen, zein osasun arazo zituzten jakiteko. Ondorio orokorrik ateratzea zaila dela uste du, talde «oso heterogeneoa» baita: etxean, klubean ala kalean lan egin, oso ezberdinak atera zitzaizkion emaitzak. Guzietan badira antzeko ezaugarriak, halere: orokortutako usteen kontra, sexu bidezko eritasun gutxi dituzte. Aldiz, lo egiteko arazoak dauzkate gehienek, eta jarduerari beldurra diote, batzuei antsietatea sortzeraino.

Nolakoa da prostituzioan diharduten andreen osasuna?

Oro har, ona, baina testuinguruaren arabera asko aldatzen da, eta ezin dira denak nahastu: oso talde heterogeneoa da. Atera nituen ondorioetako bat izan zen ez dela hainbesterako prostituzioaz erraten den guzia. Jendea tematzen da arazoa bilatzen ez dagoen lekuan: erraten zuten deprimituak zeudela, abiatzen ziren zapalduak egotearen printzipiotik... Baina gero, zu haiengana joaten zarenean, bertze errealitate bat ikusten duzu. Emakumeek hitz egiten dizute emakumeen arazoez, eta oso indartsuak dira, gainera.

Sexu bidez kutsaturiko eritasunak aipatzen dira anitzetan.

Bai, baina ikerketa egitean frogatu nuen prostituzioa ez dagoela horiekin lotuta, ezta GIBarekin ere: indizeak oso apalak dituzte, biztanleria orokorrak baino apalagoak. Euren osasunaz anitz kezkatzen diren emakumeak izan ohi dira, eta oso maiz egiten dituzte probak. Salbuespena dira droga kontsumitzen dutenak eta arrisku praktikak dituztenak, baina hori biztanleria orokorrean ere ikus daiteke. Eta, gainera, prostituzioa ez dago gehienetan lotuta droga ala alkohol kontsumoaren estereotipoari, soslai jakin batzuetan salbu.

Bertze arazo batzuk dituzte?

Bai, gehienek arazo jakin batzuk dauzkate. Adibidez, nire ikerketan parte hartu zutenen erdiek zituzten lo egiteko arazoak: gau guzian anitz aldiz ernatzen ziren, edo lokartzeko zailtasunak zituzten. Batez ere klubetakoek.

Zergatik arazo horiek?

Hainbat faktore daude: klubetan gauez aritu behar izatea, etxeetako 24 orduko lanaldiak... Ariketa fisiko gutxi eta elikadura arazoak ere izaten dituzte baldintza horiengatik. Badira lo arazoak eta antsietatea sortzen dituzten bertze faktore batzuk ere: migrazioarekin lotutako bizi gertakari estresagarriak pasatu izana, prostituzioaren jardueragatik sentitzen dituzten arrisku eta beldurrak, sexu bidezko eritasunez kutsatzeari dioten beldurra, eta, etorkinen kasuan, egoera irregularrean bizi behar izatea.

Inguruneak osasunean duen eragina ere aztertu duzu, eta anitzek erran dizute prostituzioan aritzeaz beldur direla, ezta?

Bai. Anitzek jarduera arriskutsutzat dute prostituzioa. Haien beldurrik handienak sexu bidezko eritasunak dira, bezeroek egindako erasoak, eta preserbatiboa haustea, horrek dakarrenarekin —nahi gabeko haurdunaldiak eta infekzioak—. Beldur horiek anitz areagotzen dira etxeetan eta klubetan. Alta, galdetzen badiezu emakumeei, ikusten duzu halako arazoak gertatzeko maiztasuna apala dela.

Abusurik ez al dago?

Bai, baina nik uste nuen baino askoz gutxiago. Gure ikerketan, ikusi dugu emakumeen %4,3k jasan dutela abusu sexual edo bortxaketaren bat jarduera horretan. Bereziki kalean dauden emakumeek pairatzen dituzte.

Eta tratu txarrak ohikoak dira?

Bezero edo nagusien partetik %20k jasan dute tratu txar psikologikoa, eta %7,5ek fisikoa. Hor badago bertze elementu bat: prostituzioaren ingurunetik kanpo ere jasaten dituzte tratu txarrak, biztanleria arruntak baino gehiago: emakumeen %5,2k, beren bikotekidearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.