Alain Iriart. Hiriburuko auzapeza

«Normala da ikusmolde desberdinak ateratzea»

BOB EDME

Iñaki Etxeleku -

2015eko uztailak 2
Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta departamendu kontseilari da. Baina Errobi-Aturri herri elkargoaren ordezkari gisa parte hartu du azken hilabete hauetan hautetsien kontseiluak antolatu lan saioetan, Ipar Euskal Herriko erakunde bakar bati begirako lan saioetan. Soleiturik atera da bart arratsaldeko bilkuratik.

Zenbait hautetsi uzkur agertu dira azken egun hauetan Ipar Euskal Herriko egitura bakar batentzat. Zer diozu jarrera haien aitzinean?

Beharrik ikusmolde desberdinak plazaratzen dira. Badira alde direnak eta kontra direnak. Hautetsien kontseiluan betidanik badugu usaia hori eztabaidaren plazaratzeko. Memento inportante batean gara. Herriarteko elkargo bakarrari buruz joaten garen edo ez. Normala da batzuk ez dezaten sendi mugimendu hori. Nik atxikitzen dudana da gehiengoak, eta azkenean franko aise, delibero bat hartu dugula erranez elkarrekin lan hori segitu behar genuela eta urte ttipi bat bagenuela lan horren bururatzeko.

Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune, Hendaiako auzapezak, hots hiri handienetakoak ez ziren hor bilkuran. Herriko kontseiluak konbentzitu beharko dituzue orain; erran nahi ote du ez duzuela lan erraza izanen?

Hastapenetik lan zaila da. Bai politikoki, bai diruaren aldetik, legearen aldetik ere ez baita oraino bozkatua. Baina zer nahi dugu? Nahi dugu Ipar Euskal Herria elkarrekin egin edo ez? Lehen gauza hori da. Eta gero, nola eginen dugu elkarrekin lan aritzeko. Teknikoki behar dugu gaian sartu herri elkargo guziekin. Hauek denak hor ziren bileran eta baieztatu dute. Bistan dena joan beharko dugu solastatzerat elkargoetan, herri kontseiluetan, kontseilari bakoitzak izan dezan mamia eta hautua urte baten buruan bozkatzeko. Beraz, lan teknikoa eta parte hartzailea da.

Errobi-Aturriko eremuan botere anitz galduko zenukete egitura bakarrean. Denak alde zarete?

Guk erabaki dugu lan horretan segitzea. Bistan dena gure herri elkargoak, eta Baiona Angelu Miarritzeko hiriguneak eta Hego Lapurdikoak ere galduko luketela. Behar dugu ikertu zer sistema mota ezarriko dugun elkarrekin lanean aritzeko eta bistan dena jendeen kopurua kontuan hartu beharko dugula erabakitzeko. Lan teknikoaren adibide bat da hori. Legeak zerbait erranen du (Notre legea) eta hori ere kontuan hartu beharko dugu. Baina ikusi dugu posibilitateak bazirela. Badugu zenbait hilabete horretarako.

Bada beste gauza bat ere inportantea dena: eskumenena. Herri elkargo guztiek ez dituzte eskumen berdinak. Badira inportanteak direnak eta batzuk ttipiagoak. Horiek ere kontuan hartu beharko ditugu eta ikusi non eta nola kokatzen diren. Hautetsiek hori jakin behar dute bozkatu aitzin. Orain arte genituen eskumenak gure gain hartu beharko baititugu. Ikusi beharko dugu eskumen horiek orain arteko herri elkargoen eremuetan gelditzen diren edo Herriarteko Lankidetzako Erakunde Publiko (HELEP) bakarraren esku. Gero ikusiko dugu beste batzuk hartzen ditugunez.

Uste duzu egitura bakarraren asmoak aurrera eginen duela herrietan?

Nik beti konfiantza izan dut. Badu zenbait urte orain lanean ari garela elkarrekin. Gaur [atzo] hartu dugun erabakiarekin berriz ere erran dugu inportantea zela elkarrekin egotea eta gauzen ikertzea. Hurbiltzen ari da hautatzeko mementoa eta normala da ikusmolde desberdinak atera daitezen, hori da eztabaida eta horietarik ere zerbait on aterako da. Konfiantza badut, gure eskutan dira gauzak. Legeak gauza batzuk finkatuko ditu baina elkarrekin ari izan nahi dugun edo ez, guk dugu erabaki behar hemen eta hori da inportanteena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna