Lekukotzak, elkarrekin ere bai

Foro Sozialak biktima mota desberdinen arteko topaketa bat antolatu du otsailaren 23rako. Saio batean, Maria Jauregi eta Peru del Hoyo ariko dira. «Aitortza eta erreparazio maila bera behar dute»

enekoitz esnaola
Donostia
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal gatazkako indarkeria mota desberdinen biktimen gogoeta eraikitzaileak modu soltean jaso ondoren, biktima horien lekukotzak ezagutarazi nahi ditu Foro Sozial Iraunkorrak, eta horregatik antolatu du hilaren 23rako ere topaketa bat, Donostian. Izan ere, aurkezpenean Aitzpea Leizaola eta Agus Hernan foroko eledunek adierazi dutenez, «aitortza eta erreparazio maila bera behar dute giza eskubideen urraketek. Ezin da biktimen arteko diskriminaziorik onartu».

10:30ean hasiko da topaketa, Miramar jauregian, eta bi zati izango ditu. Lehenik, Maria Jauregi eta Peru del Hoyo mintzatuko dira, elkarrekin. Jauregiren aita Juan Mari Jauregi Gipuzkoakogobernadore zibil ohia ETAk hil zuen, Tolosan (Gipuzkoa), 2000. urtean; eta Del Hoyoren aita Kepa del Hoyo, Badajozko (Espainia) espetxean zendu zen, 2017an—euskal presoak bihotzekoa izan zuen; bakartuta zeukaten—.

Ondoren, beste mahai inguru bat izango da. «Euskal gatazkan, arrazoi politikoak tarteko, sufrimendua pairatu duten lau lagun» egongo dira, foroak Donostian esan duenez. «Kontuan hartu beharrekoak dira, bermeen bitartez ez errepikatzeko eta gatazka betiko gainditzeko». Arritxu Mara-ñon, Zumaiako (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzia eta urteetan bizkartzainekin bizi izan dena; Jone Artola, urrunketa politikaren «eragin gordina» ezagutzen duen euskal preso baten senidea; Pablo Martinez, Espainiako Estatuko espetxe funtzionarioa; eta Isidro Murga, Egin SAren administrazio kontseiluko kide izateagatik 18/98 sumarioan auzipetutakoa ariko dira mahai inguruan.

Mendekurik ez

Seiak euskal herritarrak dira, eta badu horrek balio bat foroarentzat. «Euskal Herrian bizi diren biktimak ez daude mendeku eskema batean». Halaber, iritzi dio gaur egun badela alderik gizartearen eta klase politiko-instituzionalaren artean; haren iritziz, azkenaldian «blokeatuta» dago Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldea, eta, aldiz, gizartean bada borondate argiago bat biktimen alorrean ere aurrera egiteko. «Alderdiei dei egiten diegu gizarteak eskatutako adostasun eta kontsentsu guneak bilatzeko ahalegina egiten dezaten».

«Elkarrizketan eta entzute kolektiboan» oinarrituz, Foro Sozialak iragarri du datorren hilaren 23an, edo aurretik Iruñeko, Gasteizko, Bilboko eta Bartzelonako topaketa batzuetan bezala, indarkeriaren biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen alde segituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.