Bi gizon atxilotu dituzte, hilketa bat leporatuta

Martxoan Bakion aurkitu zuten gizon bat hiltzea leporatu diete. Gorpua indarkeria zantzu nabariekin agertu zen, itsaslabar batean

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen asteazkenean, Bakion (Bizkaia) gizon bal hiltzea leporatuta. Bata Madrilen atzeman zuten; bestea, Sopelan (Bizkaia). Bigarren horrek okindegi batean egiten zuen lan, Bizkaiko herri horretan.

Gorpua duela hilabete batzuk agertu zen, martxoan, Bakioko itsaslabar batean; indarkeria zantzuak zituen. Aurkitu zutenerako, biktimak hilabete zeraman desagertuta. Atzerritarra zen, eta Bartzelonan bizi zen, baina egun batzuk pasatzen ari zen Bizkaian.

Txirrindulari batzuek aurkitu zuten hilotza, 30 metro inguruko amildegi batean. Haiek deitu zuten larrialdi zerbitzuetara. Berehala agertu ziren ertzainak eta osasun zerbitzuak. Erreskatea ez zen erraza izan, ezen helikoptero baten beharra izan baitzuten hilotza berreskuratzeko. Hasiera batean bere buruaz beste egin zuela pentsatu zuten, baina gorpua gertutik aztertu, eta indarkeria zantzuak ikusi zituzten. Suizidioaren hipotesia baztertu, eta orduan erabaki zuten poliziek ikerketa bat hastea.

Biktimak aurrekariak zituen, narkotrafikoarekin lotuta, eta Poliziak uste du posible dela hilketak horrekin zer ikusia izatea. Kasuak irekita jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.