Siriari buruzko hiruko bilerak agerian utzi ditu Turkiaren ezinak

Rohanik eta Putinek iradoki dute, datarik aipatu gabe, berehala ekingo diotela Idlibi erasotzeari. Erdoganek su-etenerako deia egin du, alferrik. Hiru herrialdeak NBErekin batzartuko dira etzi
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea Teheranen, atzo, bilera ondorengo prentsaurrekoan.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea Teheranen, atzo, bilera ondorengo prentsaurrekoan. KIRILL KUDRYAVTSEV / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko irailak 8
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ahul sentitzen da Sirian. Nazioarteko gatazketan, edozein potentziarentzat giltzarri da bere interesak defendatzea, eta Siriakoa horren adibide bilakatu da urteotan, nahiak eta helburuak betetzea errazago bilakatu baita harreman egokien bidez. Ankarak, ordea, ikusi du azken bi urteotan murriztu egin zaiola ahalmen politikoa, batez ere matxino islamistek eremuak galtzen zituzten guztietan. Hori agerian geratu zen atzo Erdoganek Irango presidente Hassan Rohanirekin eta Errusiako presidente Vladimir Putinekin egin zuen bileran: Turkiako presidenteak asko galduko du datozen hilabeteetan, Siriako gatazka amaitzear denean.

2017an Astanako formatua sortu zutenetik, hiru herrialde horiek negoziazio arrakastatsuak izan dituzte gerraren garapenaz eta geroaz. Gaina hartu die NBE Nazio Batuen Erakundeak Genevan antolatu izan dituenei, eta Kazakhstango hiriburuan erabaki izan ohi dira Siriako gerraren hurrengo pausoak, politikoak zein militarrak. Bada, Turkia talde horretan dagoen arren, ez dago erabateko orekarik interesen defentsan, eta Erdoganek balantzaren pisua ez du aldeko. Horren adibide da atzoko bilera: hiru agintariek konpromisoa berretsi zuten Idliben ere lankidetzari eusteko, baina Turkiako presidenteak ez zuen lortu Iranek eta Errusiak su-etenerako konpromisorik hartzerik. «Talde terroristak bilera honetan ez daudenez, ezin dugu horrelakorik adostu», erantzun zion Putinek.

Izan ere, Iranen eta Errusiaren interesen artean dago Idliben erasoaldi militar bat egitea eta hala Baxar al-Assad Siriako presidenteak gerraren amaiera aldarrikatzea. Horrek, ordea, iheslari uholde bat eragin lezake, eta denek helmuga bera lukete: Turkia, edo Afrin, Turkiaren kontrolpean dagoen Siria ipar-mendebaldeko probintzia. NBEren arabera, 800.000 herritar inguruk ihes egingo dute Turkiara erasoaldi militarra hasiz gero.

Erdogan kexu zen egoera posible horrengatik: «Lau milioi errefuxiatu ditugu. Gainezka gaude, eta ezin ditugu gehiago hartu. Idlib garrantzitsua da gure segurtasun nazionalarentzat eta eskualdearen etorkizunarentzat».

Erdoganen beldurrak, ordea, ez du soilik arlo humanitarioarekin zerikusirik. Errealitate bat dago hitz horien atzean: Idliben daudela Turkiak babesten dituen matxino islamistetako asko, eta eremu horretan daudela Turkiaren postu militar eta behatoki batzuk, denak estrategikoak. Are gehiago: Damaskok Idliben kontrola berreskuratzen duenean, Siriako presidenteari pauso bat geratuko zaio soilik: kurduekin negoziatzea, haien etorkizunaz eta haiek kontrolpean dituzten eremuez eztabaidatzeko. Eta negoziazio horietan egongo da Afrin kantonamendu kurduaren geroa, egun Turkiaren esku dagoen eremuarena.

Estrategia arrakastatsua

Batez ere aurten, Al-Assadek akordioak lehenetsi ditu azken eremuen kontrola berreskuratzeko. Hori izan da irtenbidea, eraso militarrik gabekoa; azken kasua Siria hego-mendebaldekoa izan zen, Daraa probintziarena. Eremu horretan ere korridore humanitarioak ireki zituzten, aurrekoekin egin bezala, matxino islamistak eta haien senideak «salbu» atera zitezen; denek, ordea, helmuga bera zuten: Idlib probintzia. Siriako presidenteak eta haren aliatuek akordioaren aldeko apustua egin zutenetik, probintzia horretako biztanleria etengabe handitu da.

Zehazki, Idlibeko biztanleria lehen halako bi da matxinoak iritsi ahala; egun, 2,5 milioi pertsona daude han, herrialdeko biztanleriaren %14. Barne migrazio horren adibide da Ghuta ekialdea: apirilean, Errusiako armadaren eta matxinoen akordioaren ostean, eremu horretako herritarren %70 joan ziren Idlibera.

Barne bidaia horien ondoren, gaur-gaurkoz 30.000 matxino daude Idliben, tartean Askapen Nazionalerako Frontea, Turkiaren babesa duen matxino islamisten milizien koalizioa, eta Hayat Tahrir al-Sham aliantza; azken horrek Al-Qaedaren Siriako adar ohia du talde garrantzitsuena, Al-Nusra Frontea, eta Siriak eta Errusiak talde armatu hori dute erasoaldiaren helburu nagusitzat.

Atzoko bileran, Iranek eta Errusiak iradoki zuten berehala ekingo diotela Idlibi erasotzeari, baina ez zuten datarik zehaztu. Erdoganen su-etenerako deiari muzin egin arren, menia bati atea ireki zioten: halako adostasun bat lortzeko prest leudeke, baina armak uzteko eta negoziatzeko borondatea duten talde armatuekin bakarrik. Horrez gain, bilkurak emaitza gutxi izan zituen, eta hiru agintariek konpromisoa hartu zuten Idliben ere lankidetzari eusteko.

Hiru herrialdeak etzi eta etzidamu elkartuko dira berriz, oraingoan NBEren Siriarako mandatari Steffan De Misturarekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna