Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

'País Vasco'

Amaia Agirre Arrastoa -

2022ko abuztuak 20

Lizarrako kanpinean oporretan gaudela sendagilearengana joan beharra gertatu zait. Bertan ohartu naiz nire osasunak baino urgentzia handiagoa duela gure hizkuntzaren zaintzak eta herri identitatearen ongizateak.

Nire mediku txartelean sartu omen dizkidate sendagaiak. Farmazia batera joatea da, beraz, eman beharreko lehenengo pausoa. Ados. Sartu naizen lehenengo farmazian berehala esan didate irakurgailuak nire txartela ez duela irakurtzen, País Vasco-koa delako. Berez ez lukeela arazorik egon behar baina ez diola uzten. Txartelaren barruan dagoena ezin ikusia baino arazo larriagoa zein den esango nioke gustura, baina ez naiz ausartu. Euskal Herria nola irakurtzen dugun eta herri honen barruan dagoen errealitatea ikusi nahi ezak gehiago kezkatzen eta haserretzen nauela esango nioke, baina ez daukat indarrik.

Atea gurutzatu, eta beste farmazia batera joan naiz. Han ere euskaraz egin dut lehen hitza, baina alferrik. Berriz ere nire herrian arrotz eta gutxietsia eta zapaldua sentitu naiz. Ondoez kronikoa eragiten didate egoera hauek, baina nire osasuna hobetzea denez lehentasuna, amore eman eta espainolez mintzatzen amaitu dut. Eta berriz ere gauza bera. Txartelean agertu beharko lukeenik ez dela ageri, izan ere askotan gertatzen omen da Osakidetzako eta País Vasco-ko txartelekin.

Begietako hantura, belarriko mina eta eztarriko marranta areagotu egin zaizkit.

Irakurgailuak bezala, badira gure identitate, nortasun, eskubide eta hizkuntza txartelak irakurri nahi ez dituztenak. Eta barkamenik eskatzeko edo lotsarik sentitzeko beharrik ere sentitzen ez dutenak. Eta horrek lehenaz gain gehiago gaixotzen nau. Eskean doanaren gaitza izaten da askotan bestearen menera makurtu beharra, baina bada garaia gu ere eskean eta aldarrikatzen eta premiak sortzen has gaitezen. Gainditu dezagun zapalduaren sindromea, gure esku baitago errezeta. Utz dezagun epelkeria eta ahaldundu gaitezen. Euskara hizkuntza ofiziala den herri batean elebitasuna bera ere utopia bat bada, zertan ari gara? Autonomia erkidegoan soilik gaixotu al naiteke? Euskaldunon barra-kodea irakurgaitza bada, gure herriaren osasuna zaintza berezien unitatean sartzeko moduan dago. Kode berean ez aritzeak hizkuntzaren kordea galtzea lekarke, eta hasperen egitea alferrikakoa da arnasarik gabe uzten ari garen komunitate kutsatu honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...