garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Gure gaitzak

2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Azken hilabeteok halako distortsiorik eragin izan ez baligute, eta birusak komunikabide gehienak abduzitu izan ez balitu, Venezuela hitzetik hortzera aipatzen jarraituko lukete albistegietan. Tertulietan ohiko diren adituei ere bazka mardula emango lieke Madurok, orain arteko kalapita guztiei eta hura larrutzeko arrazoi ugariei, beste bat gehituko litzaiekeelako: hango petrolio-industriaren zabarkeriak ipar-ekialdeko kostan eragin duen hondamendi ekologikoa.

El Palito birfindegiak aste luzeak omen daramatza zikinkeria beltz likatsua isuri eta isuri, non eta biodibertsitateak eta itsas ekosistema zaurgarrienak aparteko zaintza behar duten tokietan, Golfo Triste deiturikoaren uretan. Zama-ontzi hondatu batek Maurizio uhartearen inguruetan mila tona petrolio isuri baldin bazituen, El Palito birfindegiko matxurak halako hiru bidali ditu utikan, 300 kilometro koadroko orban toxiko ezabagaitza alegia, egunez egun are loditzen eta zabaltzen ari dena, iturri ofizialen arabera ezer aipagarririk gertatu ez den arren. Artean ez omen dago azalpen publikorik, ez gertatutakoaz, ez orain arte itsasoratu den bolumen zehatzaz, ezta isurian joan den hidrokarburo motari buruzkorik ere.

Baina ez gaude urtarril otsailean, ez gaude distortsioaren bezperan, eta gure mundu petral ziztrinari ahantzi zaio Venezuela, demonio berriago bat kausitu bai baitu, Madurokeriak, petrolio-industriaren gehiegikeria zigorgabeak edo ingurumenaren aurkako edozein krimen baino interesgarriagoa, egunkarietako lehen orrialdeak betetzeko, albistegi eta tertulietako orduak mamitzeko, gure beldurrak maiseatzeko eta arreta bideratzeko.

Arrazoi osoa dute pentsiodunek. Kaleak hartu behar dira berriro. Gaizki dagoenari hortzak erakutsi. Indarra egin. Hilabeteotan atzendu diren aldarrikapenak, erronkak, eskubideak —ingurumena, euskara, berdintasuna, elkartasuna, zaborren kudeaketa...—erdigunera ekarri eta deus ez egiteko aitzakiak agerian utzi.

Hauxe da momenturik egokiena: izurriteak behartuta, gizartea birpentsatzen eta berrantolatzen ari gareneko hauxe. Zer zentzu du «lehenik osasuna eta gero gerokoak» dioen formulak, birusa mendean hartzea lortuko dugunean, gainerako gaitz guztiek gaina hartuko badigute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.