Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Familia gurasobakarra

2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Guraso izan nahi duzula sentitzea eta guraso izateko erabakia hartzea beti ez dira une berean gurutzatzen. Bi lagunen testigantzen lagin txiki bat baino ez dut ekarriko lerrootara, baina argibide eta harikide izateko aski, nik uste.

Biek aipatzen dute guraso izan nahia betidanik zutela, baina pausoa ematerako euren ingurukoen babesa ziurtatzea ezinbestekoa izan zela. Baita lan ziur baina malgu baten aldeko apustua ere. Kabiaren ezaugarrien hautu oso kontzientea ahazteke.

Haurra jaio aurretik norbere baitan sortzen diren galderak zergatik bihurtzen dira galera ikur? Ondo pentsatu duzu guraso bakar izatea? Haurrari zer erantzungo diozu aitagatik galdetzen duenean? Ziur zaude amarik gabeko ume bat nahi duzula? Zu bakarrik moldatuko zara? Bikote garenoi inoiz galdetu zaigu ea zer moduz moldatzen garen bata bestearekin? Zaintza konpartitu desorekatuan?

Parkean aitarekin jolasean ari den haurrari «ama zer dago, lanean?» galdetzean, eta «ez dauka amarik» erantzuna jasotzean, «ai sentitzen dut, ze gogorra» bezalakoek itxi behar al dute elkarrizketa?

Buruan eraikiak ditugun eskema itxi eta heteropatriarkatuetatik ateratzeko gaitasunik ezak min egiten du, baina ulergarria ere izan daiteke batzuetan.

Onartezina da, ordea, inprimaki ofizialetan hutsuneak bete gabe uzteak nazio mailako erakunde publikoen hutsuneak agerian geratzea. «Amaren datuak betetzea ahaztu zaizu». Ez dauka amarik. «Adopzioko ziurtagiria eta data jarri behar dituzu orduan». Ez da adoptatua. Azkenean haurraren jaiotza prozesua esplikatzen amaitu beharrak nekatu eta nazkatu egiten du.

Egunerokotasunean aita honek bizitzen dituen egoerek aldiro oroitarazi nahi diote jendartearentzat ama dela haurraren eskakizunak erantzuteko gai den bakarra. Ama ezinbestekoa duela haur batek. Amarik gabeko umerik ez da irudikatzen.

Familia amabakarra osatu duen lagunak ere lehen egunetik bizi behar izan zuen egoera ulergaitz eta onartezin bat.

Bete beharreko inprimakiak aurkeztean, mutil gazte batek egin zion harrera leihatilaren bestaldetik. «Aitaren datuak jarri mesedez». Ez dauka aitarik. «Orduan guraso aginte ziurtagiria ekarri behar duzu». Ama bakarra naiz, ez dago aitaren figurarik.

Azkenean lankide bati deitu eta badirudi ulertu zuela, baina behin eta berriz justifikatzen zion oso egoera berezia zela berea, ez zela normalena. Horrelako lanpostu bat profil horretako ezjakin eta sentsibilitate antzuko batek betetzea bai ez dela normala! Asko dago egiteko baina aski da! Beti eske, baina aske noiz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.