Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Abuztuak 5

2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Gaur zure eguna da. Edozein egun izan daiteke zutaz gozatzeko egokia. Zernahi leku izan daiteke aproposa biltzen zaituen edukia ireki eta zure esentziaren jabe egiteko. Bide luzean berotu egiten zara baldintza egokirik eskaini ezean, baina ahalegin fisiko baten ondorengo sari ere izaten zara askotan.

Gaur zure eguna da. Eta gizaki askoren bizitzan bezala, nirean ere baduzu zure tokia. Mahai inguruan lagunarte atseginean hitz hartze asko arindu eta mingain asko loditu dituen konpainia zara. Denari bezala, zuri ere neurria hartzea ez da beti erraza izaten. Zailtasunik gabe sartzen zara askotan gure baitara, eta buruko min bat baino gehiago eragiten dituzu. Zuk ere ez baituzu beti gradu kopuru bera. Zure kanpo soinekoan goitik behera datozen hezetasun tantek gure eskuak nola bustitzen dituzten sentitzea plazera da. Nire eskuen artean besarkatzen zaitut ezpainetara eraman aurretik. Bero jar gaitzazun, hotz desio zaitugu. Zure gorputz hotzak berotzen gaitu gu.

Gaur zure eguna da, eta ospatu egingo dugu. Ez zuregatik, guregatik baizik. Aspaldion gutxitan elkartu garen lagunak datozkigu etxera, eta iritsi orduko zurekin egingo diet ongietorria. Zure sarrera bortitzegia izan ez dadin, agian oliba batzuekin batera aurkeztuko zaitut, zure hotzean motz gera ez zaitezen.

Zer jantzirekin aurkeztuko zaitut? Badituzu beirazko soinekoak, baita aluminiozkoak ere. Gaur agian beirazko gotorlekutik beirazko ontzietara lekualdatuko zaitugu. Edalontzi luze zabaletan pausatu nahi zenuke? Edo nahiago duzu oinarri zapal, hanka estu eta gorputz zabaleko kopetan pausatu? Erabaki dezatela gonbidatuek.

Apartsu desio zaitut nik, nire eztarrian behera zoazela ezpain gainak zuri utzi ondoko mingain dantza atsegin dut. Zapore eta kolore, zer hobe? Batzuk argi desio zaituzte, ez hain erasokor, zure garratzean gozo. Beste batzuk beltz, aromaz eta zaporez indartsu. Apartsu. Badira erdibideko ager zaitezen eskatzen dutenak, ez hain garden, eta ez hain ilun. Izan ere hasieran eta oinarrian zaren hartatik asko itxuraldatzen zara gugana heldu bitartean. Antzaldatze asko ontziratzerako, eta lotaratze asko lataratzerako. Zure mamia ez baita deus legamia gabe. Ez duzu antz eta itxura bera hartzidura faltan.

Baina zer inporta dio horrek guztiak? Gaur zure eguna da, beraz, edalontzi edo kopa, egin dezagun topa! Nork nahi du garagardo bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.