Ozeano Barea mugitzen ari da

Salomon Uharteek eta Txinak egindako itunak hankaz gora jarri du Asia-Pazifikoa. AEBen indarra murriztu nahi du Pekinek, eta Salomon Uharteetan eragina handitu.

Ozeano Barea mugitzen ari da.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ozeano Bareko geopolitikan, urak bizi dabiltza. AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehiaren jokaleku bilakatzen ari da ozeano hori. AEBek Australia dute aliatu nagusi Asia-Pazifikoan, eta hura arduratzen da gainerako herrialdeekin harremanak edukitzeaz; adibidez, Salomon Uharteekin. Pekinen eta Salomon Uharteen arteko lankidetzak, ordea, joko arauak aldatu ditu.

Apirilean, Salomon Uharteek eta Txinak itun bat sinatu zuten, uhartediko «ordena sozialari eusteko, herritarren segurtasuna bermatzeko, laguntza emateko eta hondamendi naturalei aurre egiteko». Itunak mesfidantza eragin zuen Mendebaldean, batez ere Txinak Salomon Uharteetan base militar bat eraikitzeko aukera proposatu zuelako lehen aldiz.

Hala ere, Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak behin baino gehiagotan esan du ez duela «inoiz» onartuko Txinaren base militarrik, «segurtasun nazionala ahulduko lukeelako».

«Txinak Salomon Uharteetan base militar bat eraikitzeak nabarmen desengonkortuko luke Pazifikoa», esan du James Batley Australiako diplomazialari ohiak.

Antzeko iritzia du Quad aliantzak —AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak osatzen dute—, Txinari egotzi izan baitiote Ozeano Bareko statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea.

Izan ere, Asia-Pazifikoko herrialde gehienek Mendebaldearekin izan dute harreman estuena historikoki. Australia izan dute makulu nagusia, eta, haren bidez, AEBak. Azken hamar urteetan Txinak inbertsioak handitu ditu uharte horietan, eta haietan eragin handiagoa izaten ahalegindu da.

Salomon Uharteek Taiwanekin zituzten harreman diplomatikoak, eta ez Txinarekin. 2019an, ordea, lankidetza diplomatikoa abiatu zuten Pekinek eta Salomon Uharteek. Iaz, Taiwan Txinaren parte dela aldarrikatu zuen Sogavarek. Hurrengo pausoa izan da apirileko segurtasun ituna.

Dena den, Australia da oraindik Salomon Uharteen aliatu nagusia, eta hark du uhartediaren segurtasunaren ardura.

Txinak Salomon Uharteetan dauzkan interesak, batetik, geopolitikoak dira, Batleyren arabera: «Pazifikoan esku hartze handiagoa izanda AEBen eragina murrizteko helburua du Txinak».

Interes ekonomikoak ere baditu Pekinek. «Salomon Uharteetan gehien esportatzen dutena egurra da: Malaysia, Indonesia eta Txinako enpresen esku dago basogintzaren sektorea, eta beraiek arduratzen dira zuhaitzak mozteaz eta egurra esportatzeaz. Salomon Uharteetatik egur gehien inportatzen duen herrialdea Txina da», azaldu du Australiako enbaxadore ohiak.

Pazifikoko herrialdeek dauzkaten arazo nagusietako bat klima aldaketa da, itsasoaren maila handitzeak uharteak txikitzea eragin dezake eta. Klima larrialdiari aurre egiteko daukaten beharra «arazo» bat da Txinarentzat, Pazifikoko herrialdeekin harremanak estutzeko: «Ez da negozio ona Txinarentzat, bera baita munduan karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea», azaldu du Batleyk.

Pobrezia oso handia da Salomon Uharteetan, eta inguruko potentziek ematen dizkieten diru laguntzak behar dituzte garatzeko: azpiegiturak eraikitzeko, eta hezkuntza eta osasungintza indartzeko. Australia da diru laguntza gehien ematen dien herrialdea, eta AEBen, Japoniaren eta Europako Batasunaren laguntza ere jasotzen dute. Taiwanek ere ematen zion laguntza iraganean, eta hori da Txinaren eta Salomon Uharteen arteko lankidetzaren «gakoa», Batleyren ustez: «Ziur aski, Txinaren eskaintza eskuzabalagoa izan da Taiwanena baino, eta horren ondorioz abiatu dute lankidetza Txinarekin».

Uhartedian ere, oposizioa

Salomon Uharteetako Gobernuak Txinarekin egindako itunarekin ez daude ados uhartediko biztanle asko. Are, iaz gobernuak Taiwanen inguruko Txinaren ikuspegiarekin bat egin zuenean, liskar ugari izan ziren Honiaran. Manifestariak parlamentuan sartzen ahalegindu ziren, eta gobernuak indarkeriarekin erantzun zien: hiru hildako eta ehun atxilotu baino gehiago izan ziren.

Malaita probintzian ere ez zuten onartu gobernuaren erabakia. Independentzia mugimendu sendoa dago uharte horretan, eta Taiwanekin eta AEBekin lankidetza izatearen aldeko jarrera du probintziako gobernuak.

Sogavareri «ustelkeria» ere egotzi izan diote. 2023an egitekoak ziren hauteskundeak urte bat atzeratu ditu lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.