Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Politeismo antolatu baten alde

2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Zaila da Mediterraneoko mundu klasikoko erlijioa ulertzea gaur egungo ikuspuntutik abiatuta. Hura ez zen existentzialismoan oinarritutako erlijioa, inguruneko mekanismoak deszifratzeko saiakera baizik. Nire ezagutza mugatuaren arabera, naturaren indarren pertsonifikazioan zetzan, edo hobeto esanda, indar horiekin komunikatzeko eta tratutan aritzeko mekanismoetan. Zentzu utilitarista nabaria zeukan: sakrifizio egokiak eskaini intereseko arloa gobernatzen zuen jainkoari, eta, trukean, zerbait eskatu. «Nik zuri eta zuk niri».

Eskaera horien arrakasta lortzeko, tradizioak ezarritako komunikazio-kode egokiak erabili behar ziren —zenbaitetan, nahiko kode goreak, abereak lepo egitea eta horrelakoak—. Moral publikoa mantendu egin behar zen eta jaialdiak —alai samarrak, askotan— eta erritualak zehatz-mehatz burutu naturaz gaindikoei mezu egokia bidaltzeko. Noizbehinka, errituetan akatsik eginez gero, jaialdi publikoak eten eta hasiera-hasieratik errepikatzen zituzten.

Mezua honelakoxea zen: «Edozer asmo duela geure taldeak edo hiriak, dena ondo joateko eta jainkoei eskatutakoa lortzeko, hitz eta ekintza egokiak egin behar ditugu. Zerbait kakaztuz gero, jakingo dugu norbaitek ez zuela bere partea zuzen egin». Ikusten dugunez, ez konfesatokirik, ez apaiz puritanorik —nor eta Julio Zesar aita santuaren baliokidea izan zen garaian, pentsa—. Oso bestelako negozioa zen.

Antzinakoei irakur diezaiekegunez, askok ez zuten fartsa horretan guztian sinesten —eta horixe idazteko askatasuna izan zuten—, baina betiere ordena soziala eta konfiantza bermatzeko mekanismo egokitzat jotzen zuten sistema. Batez ere, nire ustez, hondamendi handien errudunak eta petxeroak lortzeko bide erraza zen.

Eta orain, apaltasun osoz, diot nik: ez al genuke gaur egun onik aterako, sineskeriak kontrolatzeko antzeko sistema arautu, zorrotz eta burokratizatua sortuko bagenu? Pentsamendu kritikoak, eztabaida publikoek eta sen onak agintzen ez duten egoeretan, sineskeriak eta konspirazio teoriak nagusi diren eremuetan eta norbanakoengan, ideia ona izan liteke garai klasikoetatik ikastea, Errenazimentuan bezala.

Nahiz eta jakin unibertsoaren erdian ez garela bizi, aurretik iragarri ezin den errealitate kaotikoan baizik, naturala da pentsatzea gertaera handiek kausa handiak eduki behar dituztela. Azken mendeetako hondamendietan, askok jo dute talderik zaurgarrienen aurka petxero bila, gehienetan boteretsuek eta intoleranteek xaxatuta. Aski dela uste dut.

Berrezar dezagun sineskeria antolatu eta zibilizatua. Baita togak eta bakanalak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.