«Mehatxurik larriena»

Estatu Islamikoari aurre egiteko «aukera guztiak» aztergai dituela onartu du Washingtonek.

Dagoeneko 93 aire eraso egin dituzte AEBek Iraken
Iheslari yezidiak, giza laguntza jasotzen, Dohuken. Hego Kurdistanera 700.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira.
Iheslari yezidiak, giza laguntza jasotzen, Dohuken. Hego Kurdistanera 700.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira. EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abuztuak 23
AEB Amerikako Estatu Batuen gerra hegazkinek Estatu Islamikoaren posizioak bonbardatu zituzten atzo ere Mosul inguruan, eta peshmerga indar kurduek Irakeko bigarren hiriaren aldiriak berreskuratzeko erasoaldiarekin jarraitu zuten. Barack Obamaren aginduz abuztuaren 8an Estatu Islamikoaren kontrako bonbardaketak hasi zituztenetik, AEBek jada 93 aire eraso egin dituzte —horietatik 60 Mosulgo urtegian, Irakeko armadari eta peshmergei laguntzeko—, eta talde jihadista desegiteko «aukera guztiak» aztertzen ari direla onartu du Washingtonek.

Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkariak nabarmendu du Estatu Islamikoa «talde terrorista bat baino askoz gehiago» dela eta «epe luzerako operazio bat» prestatzen ari dela Washington jihadistei aurre egiteko: «Alor militarrean sofistikatuak dira, estrategia sendo bat daukate, eta finantzaketa izugarri ona. Ez da mehatxu iragankor bat». AEBetako goi funtzionarioek aitortu dutenez, Estatu Islamikoa AEBek azken urteetan jasan duten «mehatxurik larriena» da.

Iraken eta Sirian lurralde eremu zabalak kontrolpean dituzte Estatu Islamikoko ekintzaileek, eta AEBak Irakeko posizioak ari dira bonbardatzen. Obamak ez du lurreko operaziorik hasteko edo Sirian zuzenean esku hartzeko asmorik agertu, baina Martin Dempsey jeneralak, AEBetako Estatu Goreneko buruak, Sirian daukan adarrari aurre egin gabe Estatu Islamikoa ezingo dela garaitu iritzi dio: «Gaur egun berez existitzen ez den mugaldearen bi aldeetan egin behar zaio aurre».

Atzoko aire erasoetako batean, AEBek Estatu Islamikoko 35 kide hil zituzten Mosuldik hogeitaka kilometrora, Nahia herrian. Muhialdin al-Masuri PDK alderdi kurduko buruzagiak azaldu zuenez, Estatu Islamikoaren zazpi ibilgailuko konboi bat, ekintzailez eta armaz betea, bonbekin desegin zuten gerra hegazkinek.

Mosulgo urtegiaren mendebaldean jihadisten esku zeuden lau herri berreskuratu ondoren, peshmerga indarrak Nahia, Tilkif eta Wana setiopean dauzkate, eta Zummar hiriaren aldirietara ere iritsi dira. Al-Masurik azaldu du jihadistek errepideetan eta egoitza ofizialetan lehergailuak jarri dituztela, eta horregatik ez direla miliziano kurduak oraindik herri horietan sartu. Sal Ninive barrutian ere peshmergek «aurrerapen nabarmena» egin dutela jakinarazi du indar kurduen bozeramaile Helgurd Hikmetek.

Borroketatik ihesi, bestalde, dagoeneko 700.000 herritar iritsi dira Kurdistango Eskualde Autonomora, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Iheslari gehienak Estatu Islamikoak jazarritako gutxiengo erlijiosoetako kideak dira, yezidi kurduak eta kristauak batik bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna