Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Bigarren gerra hotza

2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Atzean utzi berri ditugun Gasteizko jaiekin batera, ohiko itsasgarri-uholdeak arrastoa utzi du hirian. Arte grafiko itsaskorraren zale amorratua naizenez, farola guztietara muturra hurbiltzeko joera erdiautomatikoa dut. Bada, aurtengo uztak bereziki harritu nauen espezimen bat utzi digu: Iran, Siria, Errusia eta Ipar Koreako banderak zeramatzan pegata, herrialde horiek goraipatzeko asmoz edo, behintzat, NATOren aurka duten borroka laudatzeko. Harrapazank.

Aitortu behar dut ez dakidala oso ondo nola jokatu horrelako adierazpenak ustez ezkerreko mugimenduetatik datozenean. Batez ere, azken urteetan Ipar Koreak jasan duen memefikazioa ikusita: bere bandera topatu dut kalejiretan, sare sozialeko profiletan... baita piknik-oihal gisa ere. Lur lauaren teoriaren apologisten aurrean bezala, gogora etortzen zait Poeren Legea izeneko zuhur-hitza: umorea adierazten duen zantzu argirik gabe, ezinezkoa da jakitea testu batek fundamentalismoaren apologia edota haren parodia egiten duen.

Argi dago, ordea, dena ez dela umorea. Erakunde batzuek nazioarteko aliantza aldarrikatzen dute beren politikak jazartzen dituzten atzerriko gobernuekin, realpolitik ariketa betean. Zentzugabekeria ez bada ere, nire ustez, batzuetan zapalkuntzaren kritika mendebaldeko inperialismoaren kritika huts bihurtzen da askotan eta zenbait printzipio behin-behinean alboratzen dira pragmatismoaren mesedetan. Pentsaera horrek ifrentzua ere badauka: NATOren interesen aldeko edozer susmagarri bilakatzen da erraz; Rojavako iraultza, kasu.

Gai honi buruz argi mintzo zen aspaldian George Orwell Notes on Nationalism liburuxkan (Nazionalismoari buruzko oharrak, 1945). Bertan, nazionalismo hitza erabili zuen jokaera jakin bat deskribatzeko: «Deskribatu nahi dudan emozioa ez dago halabeharrez nazio bati lotuta. [...] Erlijio edo klase sozial batekin lotu daiteke, edota erabat sentimendu negatiboa ere izan daiteke: zerbaiten aurkako sentimendua, helburu positibo edo leialtasunaren beharrik gabekoa». Zintzotasunaren ukazioari buruz ari da, boterea eta prestigioa lortu edo beste bati kentzearen mesedetan egiten dena.

Orwellek uste zuen sentimendu hori politikaren berezko ezaugarria zela, baina, halere, pentsamenduan daukan eragina hausnartu behar dugula etengabe, zintzotasun ariketa morala eginez. Egun, Gerra Hotzeko bandoen logika zaharberrituaren aurrean gaudela nago zenbaitetan. Beharbada, mundu sinpleago baten oroiminagatik edo mundu berria eraikitzeko bidea ezin topatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.