mikel rodriguez
HIZPIDEAK

«Direnik ez da sinistu behar...»

2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Duela 24 urte antzeko argumentua zuten bi film elkarrekin lehian aritu ziren aretoetan: Armaggedon eta DeepImpact. Bietan, asteroide batzuk Lurra jotzeko bidean ziren, eta hori eragozteko mobilizatzen ziren munduko gobernuak —AEBak buru, nola ez— eta zientzialariak. Hollywooden milioka dolarreko superprodukzio sinesgaitzak. Bada, atzo, NASAk tiro egin zion asteroide bati—baina proba gisa, ez munduaren azkena heldu delako—.

Hondamendi filmen generoaren oinarrizko eskuliburuan daude asteroideak, klima katastrofeekin, zibilizazioaren kolapsoarekin, gerra nuklearrekin eta distopia politikoekin batera. Kasualitatea izanen da, baina fikzioaren paralelismo kezkagarri gehiegi erakutsi ditu errealitateak hil honetan. Duela hiru egun eskas, faxistek hauteskundeak irabazi zituzten Italian, Lehen Mundu Gerraren ondorengo olatu faxista abiarazi zuen herrialde berberean. Iragan astetik, berriz, arma nuklearrak erabiltzeko aukera Gerra Hotzeko krisi okerrenetatik ikusten ez zen arinkeriarekin izan dute ahotan Errusiako agintariek, mehatxuen hartzaileei zalantza sortzeraino disuasio soila intentzio erreal bihurtu ote den. Giro horretan sartu da Europa udazkenean, hornidura energetikoaren inguruko zalantzak argitu gabe.

Hondamendiak fikziorako inspirazio amaigabea dira, baina, badaezpada,NASAk proba bat egin du asteroide batekin. Esaera zaharrak dioen bezala: «Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da erran behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.