Feminizidio batek Zipre astindu du

Desagertutako andrazko baten gorpua agertu zen Zipren duela hiru aste. Militar batek aitortu du hura eta beste sei emakumezko etorkin hil dituela. Justizia ministroak dimititu egin du, eta Poliziaren jarrera kritikatu du.

Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean, jatorriz filipinarra zen andrazko bat eta haren sei urteko alaba desagertu egin zirela salatu zuten Zipreko Errepublikan. Etxeko langileen batzordeko presidenteak eskutitz bat bidali zion Ionas Nikolau Justizia ministroari, eskatuz «sakonki» ikertzeko desagerpen horiek, bai eta beste 22 emakume jatorriz filipinarrenak ere. Urtebete geroago, joan den apirilaren 15ean, etxeko langile haren gorpua topatu zuten, meategi abandonatu baten putzuan. Mary Rose Tiburcio zuen izena, eta 39 urte zituen. Poliziak Zipreko armadako militar bat atxilotu zuen, eta hark aitortu zuen bost emakume eta bi neskato etorkin hil zituela hiru urteren buruan. Gertakariak oinarrizko eskubideen aldeko kolektiboen haserrea piztu du Zipren, andrazko horien guztien desagertzeak erregistratuta baitzeuden. Agintariei leporatzen diete ez zutela bideratu desagertzeak argitzeko ikerketarik, hain zuzen ere andrazkoak eta migratzaileak zirelako.

Horregatik guztiagatik, ekintzaileek dimisioak eskatu zituzten. Eta atzo Nikolauk eman zuen dimisioa, «erantzukizun politikoagatik»; 2013. urteaz geroztik zen Justizia ministroa. Komunikabideen aurrean mintzatu zen, eta Polizia kritikatu zuen, iruditzen baitzaio «hutsegiteak» egon zirela jatorrizko ikerketak egiteko orduan. Hori dela eta, eskatu zuen ikerketa independente bat abia dezatela Poliziaren barruan, gertatutakoaren erantzulea nor den jakiteko. Zipreko hedabideek ez dute baztertzen Poliziaren beraren buruak dimisioa ematea. Zipren, immigrazioaren arazoa politikaren lehen lerroan dago.

Turista batek kasualitatez topatu zuen etxeko langilearen gorpua, Nikosia hiriburutik hamabost bat kilometrora. Emakumeak desagertu aurretik Internet bidez bidalitako mezuen arrastoari jarraitu zioten poliziek, eta hiru egun geroago atxilotu zuten militarra, susmagarri gisa hasieran. Zazpi hilketa aitortu zituen. Zipreko hedabideek hiltzailearen deklarazioaren berri eman dute: haren esanetan, Interneteko harremanetarako webgune baten bidez geratu zen biktimekin, eta haiekin sexu harremanak edukitzen ari zen bitartean hil zituen, bere eskuekin itoz. Gero, zenbait meategi abandonatutako putzuetara bota zituen gorpuak. Zazpi emakumeetatik hiru filipinarrak ziren; beste bat nepaldarra dela uste dute poliziek, eta bosgarrena, errumaniarra, Livia Bunea izenekoa. Bi adingabeak Tiburcioren eta Bunearen alabak ziren. Oraingoz lau gorpu topatu dituzte, eta, feminizidio kasu honekin lotuta, funtzionarioak bi adingabeen eta emakumezko errumaniarraren gorpuak bilatzeko lanean ari dira. Scotland Yard Erresuma Batuko Poliziaren aditu talde baten laguntzaz ari dira.

Agenteek esan zutena

Apirilaren 15az geroztik, hainbat ekintzailek protestak egin dituzte Nikos Anastasiadis Zipreko Errepublikako presidentearen jauregiaren aurrean. Haien esanetan, Poliziak ez die jaramonik egiten emakumeei. Emakumeen eta atzerritarren aurkako diskriminazioa gelditu, irakur zitekeen manifestarien pankartetako batean. Tiburcioren ingurukoek jakinarazi dutenez, iaz Poliziarengana jo zutenean hura eta bere alaba desagertu zirela salatzera, agenteek esan zieten ziurrenik muga zeharkatu zutela, eta Ipar Zipreko Errepublika Turkiarrera alde egin zutela.

Anastasiadisek Justizia ministroaren dimisioa onartu zuen. Zipreko egunkariek diotenez, Poliziaren buruarekin biltzekoa da presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.