Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak positibo eman du COVID-19an

Pandemia guztian zehar, entzungor egin die osasun gomendioei, eta ez ditu segurtasun neurriak errespetatu. COVID-19a gripe soiltzat jo du

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea jopuntuan egon da koronabirusaren krisia hasi zenetik, pandemia kudeatzeko orduan hartu dituen erabakiengatik: egoerari larritasuna kentzeko ahaleginak egin ditu, bi Osasun ministro galdu ditu eta distantziak mantendu gabe azaldu da munduaren aurrean. Orain, laugarren probaren ostean, positibo eman du COVID-19 proban. Gripe soiltzat jo duen birusak kutsatu du Brasilgo presidentea, baina «bikain» dagoela azaldu du.

Igandean ondoezik sentitzen hasi zela eta, astelehenean egin zioten koronabirusaren proba Bolsonarori, sintomak detektatu ostean, eta atzo jakinarazi zuen kutsaturik dagoela. Presidenteak 65 urte ditu, eta, arrisku taldearen barruan dagoen arren, osasunez ongi dagoela adierazi du.

Brasilgo presidenteak uko egin zion hasieran herrialdean konfinamendua ezartzeari, eta, ondorioz, izugarri hazi da kutsatuen kopurua. Egun, kasu gehien dituen herrialdea da, AEBen atzetik: 1,6 milioi pertsona daude kutsaturik, eta 65.000 pertsona hil dira birusa zabaltzen hasi zenetik.

Egoera kudeatzeko moduak desadostasunak eragin ditu, baita gobernu barruan ere. Apirilean kargutik kendu zuen Osasun ministroa, eta, hilabete geroago, dimisioa eman zuen haren ordezkoak. Izan ere, maiz errepikatu du COVID-19a «gripe soil bat» besterik ez dela, eta aurkari politikoei egotzi izan die herritarrak «engainatzea» eta «izua zabaltzea».

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ere ez ditu bete, eta, krisialdi betean, ohikoa izan da Brasilgo kaleetan ikustea, herritarrez inguratuta, inolako babes neurririk gabe, eta distantziarik mantendu gabe. Agerraldietan ere, uko egin dio maskara erabiltzeari, edo ez du babesteko moduan erabili.

Hain zuzen ere, kudeaketa «arduragabe» horregatik, salaketa jarri zion ABJD Demokraziarako Brasilgo Juristen Elkarteak Bolsonarori Nazioarteko Zigor Auzitegian. «Gizadiaren aurkako krimenak» egin izana leporatzen diote presidenteari, eta bere jokabideak brasildarrak «arriskuan» jarri dituela argudiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.