Osasunak garaipenaren bidera itzuli nahi du gaur, etxean Valladolidi irabazita

Nafarroako taldeak azken zazpi partidetatik bakarra irabazi du, eta bat ere ez Valladolidek. Ziurrenik, Iñigo Perez ariko da Estupiñanen ordez

Adrian Lopez, Osasunak Sadarren Vila-realen aurka jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Igo berria izan arren, sasoi lasaia ari da bizitzen Osasuna. Denboraldiari ekin aurretik, edonork sinatuko zukeen lan erdietan hamabigarren postuan egotea, eta jaitsiera postuak bederatzi puntura edukitzea. Ordea, bare dauden urak berehala harrotu daitezke Espainiako Lehen Mailan. Pare bat jardunaldi aski dira bekoki alaiak zimur daitezen. Nafarrek lau daramatzate irabazi gabe, eta azken zazpietan garaipen bakarra baino ez dute erdietsi. Oraingoz, beheraldiak ez du eragin handirik izan sailkapenean; joera hori gehiegi luzatuz gero, estutasunak berandu gabe iritsiko dira. Hartara, gorritxoak bide onera itzultzen saiatuko dira gaur Sadarren, Valladolidi irabazita.

Celtaren zelaian berdinduta abiatu zuten urtea, eta orain, bi lehia kateatuko dituzte Sadarren. Valladoliden ondoren, Levante hartuko dute. Aukera ona da jarraian bi partida irabazi, eta hala mailari eusteko helburuan urrats irmoak egiteko. Nolanahi ere, hobe da gauzak ez aurreratu. Lehen pausoa da azkenaldian behin eta berriz egindako akatsak zuzentzea. Osasuna bigunegi dabil defentsan: aurkariek beti hartu diote aurrea ligako azken sei norgehiagoketan. Zama astunegia da hori, gorritxoak haize kontra ondo moldatzen diren arren. Arreta errazegi galdu dute azken neurketetan, eta gaur, une oro partidan sartuta egoten ahaleginduko dira. Defentsaren ezker hegalean, Iñigo Perezek jokatuko du ziur aski, Estupiñanen ordez, azken hori zigortuta baitago.

Erasoan, berriz, jokalari gehiagok agertu behar dute, ez Chimy Avilak soilik. Harenak izan dira nafarrek ligan sartutako azken hamar goletatik sei, eta Espainiako Kopan ere hark atera zituen babak eltzetik. Gehiegizko garrantzia hartu du taldearen indarrean oinarritzen den Osasunan. Bada garaia, adibidez, Adrian Lopez ate aurrean asmatzen hasteko. Ruben Garcia eta Roberto Torresen golak ere eskertuko lituzke taldeak. Bost eta lau gol daramate, hurrenez hurren. Ez dago batere gaizki. Baina ez dute baloirik sareratu azken lau partidetan.

Aurrean, beharrak jotako beste talde bat izango dute gorritxoek. Izan ere, Valladolidek zazpi jardunaldi daramatza irabazi gabe. 21 puntu ditu, Osasunak baino hiru gutxiago, eta partida gehien berdindu duen taldea da, iruindarrekin batera: bederatzi berdinketa guztira. Gaztetasuna eta eskarmentua uztartzen ditu, eta atzetik aurrera dago eraikia. Defentsan, ligako ezusteko nagusietako bat dauka: Salisu ghanatarra. Eta erasoan, Oscart Plano eta Toni Villaren kalitateri eta Unal eta Guardiolaren golei heltzen die.

OSASUNA-VALLADOLID
Osasuna. Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Iñigo Perez; Oier, Darko, Roberto Torres, Ruben Garcia; Adrian eta Chimy Avila.
Valladolid. Masip; Moyano, Kiko Olivas, Salisu, Nacho Martinez; Oscar Plano, Ruben Alcaraz, Joaquin, Toni Villa; Unal eta Sergi Guardiola.
Epailea. Alberola Rojas.
Lekua. Sadar (18.761 ikusle).
Ordua. 18:30ean (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.