Euskal Herriko Itzulia

Zaleak pizten segitzen du

Remco Evenepoel (Quick Step) tximistaren pare ibili da Itzuliko lehen bi etapetan. Irabazteko hautagaien artean dago, baina egunez egun joan nahi du. Arrateko etapari, azkenekoari, zeharka begira dago: «Aldapa asko», dio.

Aitor Manterola Garate.
Leitza
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Taldeen aurkezpenerairisten azkenetakoa izan zen atzo Quick-Step, Leitzan. Pauso azkarrak etapa amaierako gordeta zeuzkan Remco Evenepoelek (Aalst, Flandria, 2000). Aise eman zizkion garaipeneko giltzak Julian Alaphilippe taldekideari Vianan. Sua atera zien giharrei, eta gauza bera egin zuen herenegun, Hondarribiko erlojupekoan, bigarren sailkatzeko.

Ari zaie euskal zaleei ematen barruan daukan trebezia guztia, eta, horretarako, sasoi onean egon behar ezinbestean. Baina onartu du baduela harreman berezia Euskal Herriko lasterketa nagusiarekin eta bertako zaleekin. Ikusgarri aritzeko akuilu ere izan daiteke hori: «Beti da ederra Euskal Herrian lehiatzea. Lasteketa bikaina da Itzulia, eta zaleak onenetakoak dira».

Zaleek ere gogoko dute, eta, lasterketa zein ondo hasi duen ikusita, irabazteko hautagaien zerrendan jarri dute. Zuhur mintzo da: «Gogorra da Itzulia, eta egunez egun noa». Primoz Roglic eta bien arteko buruz burukoa ez dela izango garbi dauka: «Ziklista on asko daude hemen».

Hori bezain azkar erantzun du etaparik zailenaz galdetu zaionean: «Larunbatekoa, dudarik gabe. Oso gogorra da. Aldapa asko ditu azkeneko etapa horrek: oso menditsua da»

Gazte trebea eta dohaintsua zubitik behera joan zen ia duela bi urte Lombardiako Giroan, eta lesio larriak izan zituen. «Osatuta nago; dena ondo doa, eta pozik nago», esan zion atzo BERRIAri, etapa hasi aurretik. Zaleak ere pozik, lehengora itzuli delako Flandriako gaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.