CDCk ezohiko kongresu bat egingo du otsailean, alderdia birsortzeko

Erredakzioa -

2015eko urtarrilak 18
CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak otsailean ezohiko kongresu bat egiteko asmoa du, alderdia birsortzeko egutegi bat zehazteko. Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak esan duenez, birsortze horrek hiru oinarri edukiko ditu: bata, «nazionala, estatu independente berria eraikitzeko»; bigarrena, «soziala, ongizate estatua indartzen lagunduko duen jarduera ekonomikoa sortzeko»; eta, hirugarrena, «etikoa, 'zero ustelkeria' irizpidearekin». Azken urteotan zenbait ustelkeria eskandaluk zipriztindu dute CiU Convergencia i Unio koalizioko alderdia, horietan ezagunena Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren eta haren sendiarena.

Cerdanyola del Valles hirian egindako kontseilu nazionalean eman du Rullek CDCren asmoen berri. Birsortzeari buruz esan du CDCren «konpromisoa eta determinazioa» erakusten dituela «alderdi berri bat sortzeko, herrialde berri batentzat». ERC Esquerra Republicanarekin egindako akordioaz ere mintzatu da CDCko koordinatzailea. Adierazi du irailaren 27ko hauteskundeetarako bide orria «nahiko aurreratuta» daukatela, nahiz eta «erabat erabakita» ez egon. «Lan asko dugu egiteko, baina sendoa bada, jendeari konfiantza handia emango dio eta baietzaren gehiengoa handitzen lagunduko du». Rullen arabera, Kataluniako Gobernuak aurkeztuko dituen aurrekontu autonomikoek «paradoxikoki» lagunduko dute «beharrezko estatu egiturak» sortzen. CDCko koordinatzaileak uste du hauteskundeen data hurbildu ahala Espainiak areagotu egingo duela «beldurraren argumentua». «Prozesuaren amaiera aldera, eztabaida izango da estatu independente berriaren bideragarritasunaren eta arriskuen inguruan».

Bozak eta erreferenduma

Oriol Junqueras ERCko presidenteak, berriz, nabarmendu nahi izan du iraileko hauteskundeak «behin betikoak» izango direla. «Independentziak irabaziz gero, ez da beste erreferendum bat egin beharko ikusteko ea berriz irabazten duen». Punt Avui telebistari emandako elkarrizketa batean, Junquerasek esan du «norbaitek uste badu ez direla oso edo batere erabakigarriak hark azaldu beharko» duela. Artur Mas Kataluniako presidenteak TV3i emandako elkarrizketa batean esan zuen nazioartean «behin betikotzat jotako kontsultak» ez direla hauteskundeak. ANC Biltzar Nazional Katalanaren ustez, hauteskundeak izango dira «behin betiko erreferenduma».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna