Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Ezustekoa

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kurtso erdian eskolan hasi den ikaslearen moduan nator BERRIAko orrialde honetara Uxue Razkinen lekukoa hartzera. Aitor dezadan bertigo pixka bat ere ematen didala astero egin beharreko langintza honek. Razkinek berak idatzi zuen bere despedidan: «Adi, orain beste baten hitzak sehaskatuko baititu espazio honek». Eta hementxe nator, besteen hitzak nire hitzekin sehaskatzera, edo hori lortu nahi nuke, behintzat.

Umetatik izan dut irratiarekin harreman berezia. Esnatzen nintzenerako etxeko sukaldean piztuta izaten zen, eta umetatik dudan ohitura bakanetakoa izango da oraindik ere. Esnatu, komuneko buelta egin, sukaldera joan eta irratia piztu. Autoan ere ia bidaia gehienetan izaten dut bidelagun. Irratian lan egin eta kolaborazio desberdinak egindakoa naiz. Irratia izan dut, eta dut bizitzako bidaia lagun nik ere.

Aurreko astean Euskadi Irratiko Ekosfera saioaren igande eguerdiko errepikapenarekin abiatu nuen autoko bidaia. Programa hasita zegoen, eta ez nekien zein zen elkarrizketaren gai nagusia, baina gidatzean postura eta modua ze garrantzitsua zen ari zitzaion azaltzen Javier Oskoz automobilgintzako irakasle eta aditua Guillermo Roa aurkezleari. Ondoren, pneumatikoei buruzko xehetasunekin hasi ziren, eta orduan konturatu nintzen gaia pneumatikoak zirela: ze mota dauden, ingurugiroarekin duten lotura, pneumatikoen marrazkiak eta formak ze garrantzitsua diren errepidean ongi joateko. Interesgarria iruditu zitzaidan elkarrizketa, bereziki aitak esaten didan arte ez bainaiz ohartzen autoari gurpilak gastatu zaizkiola. Edo ez naiz konturatu zulatua izan dudanik, autoak berak abisatu didan arte gurpilen baten presioa jaitsi dela.

Ekosfera irratsaioko atal horrek lortu zuen pneumatikoen egoeraren garrantzia nireganaino heltzea. Autotik atera eta egin nuen lehenengo gauza lau gurpilen marrazkiak begiratzea izan baitzen.

Ezusteko polita izan zen irratsaioaren erdian harrapatutako elkarrizketa espero ez nuen gai bati buruzkoa izatea. Lehenengo minutuetan eseritzeko posturei buruzko elkarrizketa bat zela pentsatu bainuen eta aditua fisioterapeuta bat zela imajinatu bainuen. Eta iruditzen zait sopresa polita izan litekeela Frekuentzien gerizpean espero ez nuela idazten hastea. Niretzat eta zuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.