Ospakizun gau betea

Benito Lertxundik Donostiako Kursaaleko auditoriuma bete du bi egunez. Hamar laguneko talde baten buru, bere azkeneko lanetako kantuak aletu ditu, denborarekin klasiko bilakatutakoak ahaztu gabe.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko abenduak 5
Bere ibilbidea aitortzeko Adarra saria jaso eta bi urte eta erdira itzuli da Benito Lertxundi Donostiara. Arrakasta handiarekin itzuli ere, ez baitira asko Kursaaleko auditoriuma bi egunez —eta bat astelehena izanda, gainera— ia goraino betetzeko gai diren euskal musikariak. Lertxundik, baina, 3.500 lagun bildu ditu bi egun horietan, haren musika proposamenak oraindik ere jarraitzaile ugari duen seinale.

Astelehen iluntzean giro berezia suma zitekeen Kursaalean. Kubo txikian Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldia bukatu berritan, ahobizi eta belarriprest mordoxka zegoen kubo handira sartzeko prest —40 urtetik gorakoak gehientsuenak, nahiz eta auditoriumeko lehen lerroan haur txiki bat ere ibili zen batetik bestera—.

Lertxundi hamar laguneko talde handi batek lagundua agertu zen oholtzara, eta hasieratik utzi zuen agerian ez dagoela bere kontzertuak kantu ezagun eta kantagarriekin osatzeko tenorean. Ospakizun gauean diskoa kaleratu berritan, nahiago du bere azkeneko lanetan jarri begia, eta, bitxia bada ere, Oroimenaren oraina (2012) azken-aurreko diskoko hiru piezarekin abiatu zuen kontzertua. Gu bizi bezainbat, lurrin portugaldarrak zabaldu zituen Nintzenaz oroitzean eta Laket dut argitsua-k erakutsi zuten talde aparta duela Lertxundik ondoan —Juantxo Zeberio (pianoa), David Gorospe (bateria), Amaiur Cajaraville (baxua), Gurutz Bikuña (gitarra), Angel Unzu (gitarra eta bouzukia), Xabier Zeberio (biolina eta nyckleharpa), Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia), Intza Unanue (ahotsak) eta Olatz Zugasti (ahotsa, harpa eta teklatua)—, eta Udazken koloretan lehen klasikoari heldu aurretik Unzuk egindako gitarra solo ederra horren erakusle izan zen. Hitaz oroit (1996) diskoan jasotako kantu horrekin lehertu zen aurrenekoz auditoriuma.

Ez zuen behera egin emanaldiak Ospakizun gauean azken diskoak protagonismo berezia hartu zuenean ere. Belar nerabean-ek barnean daraman pop kutsua erakutsi zuen, eta Ibertzean Leonard Cohenen arimaz bustita kantatu zuen Lertxundik. Ospakizun gauean eta Lehen hazia kantu berrien ostean, aurreneko aldiz Lertxundik oholtza utzi zuen, taldea pieza instrumental bat jotzen gelditzen zen bitartean.

Ordurako, publikoa bero zegoen, baina kantariaren itzulerak are gehiago berotu zuen giroa, jendeak Ramirezen eskusoinuaren lehenengo notak entzun eta berehala ezagutu baitzuen Baldorba, zeinaren leloa bildutakoen zati handi batek abestu zuen.

Hortik aurrera emanaldia kantu ezagunen bidetik abiatuko zela pentsatzen zuenak, ordea, sorpresa hartuko zuen, azkeneko diskoko kantuek segitu baitzuten protagonismoa izaten. Bata bestearen atzetik jo zituzten Nahiago nuke barnerakoia, Otzandu herrian samindua —Unzuren pasarte ederrekin—, Isil isilik eta Kimu bat zuhaitzan, Jon Maiak Ternuan ezagutu eta euskarara ekarri zuen Allan Rankinen pieza bizia. Kantuaren country eta folk ahaireek gaueko une alai eta dantzagarriena bihurtu zuten.

Folk ahaireak izan zituen Turlough Carolan XVII-XVIII. mendeetako konpositore irlandarraren omenez eskainitako pasarte instrumentalak ere, eta, horren ondoren, eta taldekideak aurkeztuta, kontzertuaren azkeneko parteari ekin zion Lertxundik bere kantutegikoak ez ezik euskal musikaren klasiko ere bilakatu diren bi piezarekin: Oi ama Euskal Herri eta Jaun baruak. Jende gutxi geldituko zen haiek abestu gabe Kursaalean.

Hildakoak gogoan

Kontzertuaren lehen partea amaituta, eta publikoa agurtuta, taldekideak ez ziren oholtzatik joan, kantu gehiagoren gose baitzeuden zaleak. Ezin jakin zenbat oriotar zegoen publiko artean — «Aupa Orio»-ren bat entzun zen—, baina bis-eko lehenengo bi kantuetan Gipuzkoako kostaldeko herri horrek presentzia nabarmena izan zuen. Lehendabizi, Mirotzak jo zuten, Lertxundik herriko traineruari eskainitako kantu epikoa, eta, segidan —eta Lertxundi gabe—, Bizirik gaudelako, Olatz Zugastik ikastolen mugimenduaren omenez idatzi eta kontzertuan Intza Unanuek abestu zuena.

Kontzertu osoan bizpahirutan besterik ez zitzaion mintzatu Lertxundi publikoari, baina, Zuk dakizun hura delikatuari ekin baino lehen —berak aitortu zuen abesti kuttuna zuela, baina gutxitan jo izan duela zuzenean—, ingurutik joandakoak ekarri zituen gogora. Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Joxean Artze, Manex Pagola... eta baita bere musikari izandakoak ere: Martin Irizar, Fernando Ederra eta Marian Arregi.

Zenbat gera katartikoa besterik ez zen gelditzen bi ordu eta laurdenera iritsi zen ospakizun kolektiboari amaiera perfektua emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna