Euskara

Urteetan eginiko lana, ingelesera itzulita

'Standard Basque and Its Dialects' liburua argitaratu berri du Routledge argitaletxeak, Koldo Zuazok azken 30 urteetan egindako lana bilduta. Gregor Benton irakaslearekin batera idatzi du liburua Zuazok.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskalkiak ikertzen aritu da urteetan Koldo Zuazo hizkuntzalaria. Haren nahia, Luis Luziano Bonapartek XIX. mendean egin bezala, euskalkiak aztertzea da. Araban, Bizkaian eta Lapurdin ibilia da bertako euskalkiak eta hizkerak batzen. Orain, berriz, Nafarroan eta Nafarroa Beherean dabil lanean. Hark azaldu du azkenerako utzi dituela Zuberoa eta Gipuzkoa. Helburu du Euskal Herri osoko euskara ezagutzea, «bertatik bertara» bildutako adibideekin liburu bat osatzea. Halere, oraintxe, Zuazok proiektu berri bat du esku artean. Routledge argitaletxeak haren lan bat argitaratu berri du: Standard Basque and Its Dialects (Euskara estandarra eta haren dialektoak).

George Routledge liburu saltzaileak jarri zuen Routledge argitaletxea sortzeko lehen harria, Erresuma Batuan, 1836.urtean. Baina argitaletxea urte batzuk geroago sortu zuen, 1851n, Frederick Warne argitaratzailearekin batera. Giza eta Gizarte Zientzietan adituak diren hainbat pentsalariren lanak publikatu ditu argitaletxeak. Horien artean daude, esaterako, Einstein, Russel edota Popper. Munduan ezagun diren izen handienetakoen ondoan dago Zuazorena ere. Hark azaldu du «sari handia» dela lana argitaletxe horrekin kaleratzea.

Halere, liburua argitaratzearen ideia ez zen hizkuntzalariarena izan. Gregor Benton Cardiffeko Unibertsitateko (Erresuma Batua)irakaslea dago argitalpenaren atzean. Euskal hizkuntzak bultzatuta, El euskera y sus dialectos liburua irakurri zuen irakasleak, eta, haren ostean, mezu bat heldu zitzaion Zuazori. «Oporretan nengoela, e-mail bat heldu zitzaidan, liburua irakurri zuela eta asko gustatu zitzaiola esanez, eta ea ingelesera itzultzeko baimena emango ote nion», azaldu du hizkuntzalariak. Hala, baimena eskatu zion Alberdania argitaletxeari, gaztelerazko bertsioa harekin argitaratu baitzuen. «Baiezkoa lortuta, bidea libre zuela esan nion Benton jaunari».

Bentonek berak izan zuen lehen hartu-emana Routledge argitaletxearekin: «Gregor Benton itzultzaileak egin zuen hartu-emana. Argitaletxe horretako atea joko zuela esan zidanean, alferrikako lanik ez egiteko esan nion». Baiezkoa esateko esperantza urria bazen ere, espero ez zen erantzuna eman zuen argitaletxeak. Zuazok aitortu du ez zela argitaletxearen beldur, bainasentitzen zuela nolabaiteko «erantzukizuna» edo «ardura» argitaletxe horrekiko. Halere, azkenean aurrera egitea erabaki, eta liburua argitaratu da.

Guztira, lau adituk irakurri zuten liburuaren testua, aztertu eta argitaratzea merezi ote zuen erabakitzeko. Baliotsua zela azaldu zuten. «Liburuaren balioa lau adituek aipatu zuten, baina, argitaratu ahal izateko, agindu zidaten hainbat gauza aldatzeko», nabarmendu du Zuazok. Eta hala ekin zioten lanari bi adituek. Batak, Zuazok, liburuaren moldaketa egin zuen; besteak, Bentonek, berriz, itzulpena.

«Hartu-emana oso erraza izan da. Ez naiz oraindik harekin buruz buru egon, ez dut bertatik bertara ezagutu, baina oso langilea, zorrotza eta profesional ona dela erakutsi dit», esan du hizkuntzalariak. Gaineratu du hark darabilen hizkera ere «xumea» dela, «barrokismo» eta «pedanterik» gabea. Hala, Zuazo bera ere, liburuaren moldaketan, ahalegindu da euskara intereseko duen edozeinek irakurtzeko moduko testu bat aurkezten, ondoren itzuli ahal izateko.

Zuazok nabarmendu du aurretik egindako lan guztien batuketa izan dela azkenekoz itzulitako Standard Basque and Its Dialects liburua. Euskalkiak aztertzen aritu da Euskal Herriko Unibertsitatean lanean hasi zenetik. «Azken batean, horixe dago liburu honetan, atzerriko irakurleek ulertzeko moduan egituratuta», azaldu du Zuazok.

Euskara zabaltzeko aukera

Routledge mundu osoan zehar argitaletxe ezaguna izaki, euskara lau haizeetara zabaltzeko aukera eskaintzen du. Zuazoren esanetan, euskarak beti piztu du interesa nazioartean, eta, batik bat, atzerritarrek aztertu izan dute euskara. Hala izan da oraingoan ere, Benton itzultzailearena izan baita ekimena nagusiki. «Bien bitartean, gu lotsatu egiten gara geure hizkuntzaz eta geure kulturaz, edo uste izan dugu gastronomia edo surfa direla inportanteagoak», nabarmendu du Zuazok. Eta Xalbador Urepeleko artzainaren hitzak ekarri ditu gogora: euskara da berezi egiten gaituena.

Bide horretan jarraituko du euskal hizkuntzalariak ere, euskara zabaltzen, ezagutarazten. Gainera, azaldu du liburu hau «berezia» izan dela: batetik, azken 30 urteetako lanen emaitza da; bestetik, argitaletxe ezagun batean argitaratu da. Liburua atera osteko sentipenak ere izan ditu hizpide: «Batetik, nire bizitzako epe baten amaiera dela esango nuke; bestetik, amaitzeko modu ona izan dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.