Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Genesis

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Irrika handiz espero nuen azaroan Psychic TV taldea Madrilen ematekoa zen kontzertua. Baina pare bat aste lehenago, Genesis P-Orridge taldeburuaren osasun arazoak zirela-eta, kontzertua eta Europa osoan programatuta zuten bira bertan behera geratzen zela jakinarazi zuten antolatzaileek. Aurtengo musika kontuei dagokienez, hauxe izan da jasan dudan desengainu eta penarik handiena, zalantzarik gabe. Are gehiago, osasun arazo horiek zertan dautzan jakin ahal izan dudanean. Genesisek leuzemia baitu, eta tratamendu luze eta garestia behar du sendatzen saiatzeko. Bere jarraitzaileen artean crowdfunding kanpaina bat abiarazi behar izan dute aurre egin ahal izateko. Halakoxeak dira hainbat musikarik pairatu behar dituzten estutasunak, medikuntza sare publikoa berriz ere suntsitzera doan Trump-en Great America horretan.

Antzeko adinekoak diren arren, ez dut uste Trumpek Genesis ezagutuko duenik, eta, hala balitz ere, amerikar balio tradizionaleei erabateko muzina egiten dien artista immoral eta arriskutsu bat sistematik kanpo geratzeak poztu egingo luke ziurrenik.

Ezer berririk ez Genesisentzat. 1970eko hamarkadan Throbbing Gristle taldearen barnean, konbentzio guztiak hankaz gora jartzen zituen musika eta performance estilo industrial, erronkazale eta zaratatsuaren hastapenak garatu zituenetik, gerora bere gorputzean egin dituen sexu aldaketa ebakuntzetara, beti bizi izan da gizartearen muturretan, eta beti iraindu ditu (komenigarria zaien) ordena eta normaltasuna maite duten hipokritak. Bere artea bizi, eta bere bizitza artelan bihurtu duen pertsona da. Eta horren bitartez, egiten duena gustuko ez dutenei ere, artea, museo eta kultur egitarauetarako eduki entretenigarria baino gehiago, gure bizitzak molda eta bete ditzakeen indar eraldatzailea dela erakusten die; agian, handiena eta boteretsuena, eta normaltasuna inposatutako kontzeptu mugatzaile alienagarria dela.

Genesis. 2018an zure tratamenduarekin zorterik handiena opatuz. Zuretzat doa 2017ko azken zutabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.