Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Pogo

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Sonar Festibala. Ikus-entzunezko teknologia eta arte aurrerakoiaren inguruko erakustaldi, elkargune eta batik bat kontzertu sorta bikaina. Laptop-ak, DJ tramankuluak, sintetizadoreak, bideo pantaila handiak eta abar dira nagusi. Technoaren taupada kutsagarri, maiztasun ultrabaxuko uhinek gorputz osoan eragiten duten igurtzi mingarri eta goxo, edota sanpleatutako doinu nahasketa zirraragarrien artean gozatu eta dantzatu dut hiru egunean zehar. Baina kurioski, sormen artifizialaren eta errealitate birtualen ospakizun koloretsu honen barruan, Yves Tumorren saio gordinak astindu nau sakonen.

Ez dut uste ni edota nire inguruko beste inor prest zegoenik hartarako. Yves artista gaztea da eta Pan zigilu ospetsuan, r'n'b sentsuala eta abstrakzio sonoro konplexuen arteko hibrido moduko disko bitxiki erakargarria argitaratu zuen iaz. Baina Sonarreko esperientzia hura ez zegoen aurreikusterik. Yves kamisetarik gabe azaldu zen oholtzan, bere gorputz gihartsua eta erabat sexya harroki erakutsiz eta entzuleriari bizkarra emanez, tramankulu eta kable piloari zerion zarata latzean buru-belarri murgilduta. Eta bat-batean, buelta eman eta mikrofonoari deiadarka hasi zen, gugandik geroz eta hurbilago, geroz eta oldarkorrago; mehatxagarri eta aldi berean erakargarria zaidan (zaigun) fisikotasun haragitsua iradokiz. Baina ez da hori dena, mikroa bozgorailu baten barnean sartu, feedback akople lazgarria eragin eta bere burua jende artera bota ondoren, gure artean dardarizo espasmodikoan hasi zen, gu guztiok dantza askatzaile hartara gonbidatuz (tira, betidanik pogo izenez ezagutu duguna). Lekuz kanpo harrapatu zuen jendea, sakelakoak eskuetan eta jazotako guztia grabatu nahian, pantailaren filtroaren babesa beharrezkoa balute bezala. Baina pixkanaka, sakelakoa gorde eta pogoan sartu ginen gogoz gehientsuenok. Elkar besarkatu, bultzatu, ukitu eta usaindu daitezkeen eta beharrezkoa duten gorputzak bihurtu ginen denok. Teknologiaren festaren erdian, Instagrameko filtroen atzeanbenetako hezurra eta haragia dagoela gogoratu genuen istant batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.