Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Quintron

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Iaz ikusi nituen kontzertu guztietatik, Quintron & Miss Pussycat taldeak Gijongo Acapulco aretoan emandakoa da nire kutunena. John Watersen lehen filmetako freak pare baten itxuraz, txotxongilo ikuskizun eta guzti azaldu zen New Orleanseko bikotea. Quintronek berak asmatu, eraiki eta azti baten trebeziaz jotzen duen organo/sintetizadore+erritmo kaxaren soinu likitsen gainean, Miss Pussycatek bere marakak astindu eta 1960ko hamarkadako pop, garage, rhythm and blues eta burlesque-aren arteko doinu dantzagarriak kantatu zizkigun. Koloretako globoen artean saltoka ederki gozatu genuen ikusleok, eta ederki uxatu nituen nik aretoaren sarrerara ekarritako buruhauste eta ezinegon guztiak.

The Guardian egunkarian gaur irakurri dudan artikulu txundigarri batek ekarri dit kontzertu hura gogora. Bertan jakin ahal izan baitut Quintronek hogei urte daramatzala era guztietako instrumentuak asmatzen, egiten eta hainbat artistarekin konpartitzen. Horien artean, Drum Buddy, inguruko argi intentsitatearen arabera erritmo eta soinu ezberdinak sortzeko gai den tramankulua. Irakurri dut, aho bete hortz, orkestra moduko grabaketak egin izan dituela, hamabi gune ezberdinetan tramankulu bat jarrita.Baina 2013. urtean linfoma bat diagnostikatu ziotela, eta nik ikusi nuen egunean kimioterapiatik atera eta sendatu berritan zegoela jakiteak utzi nau benetan K.O.

Ez hori bakarrik, kimioterapia saioen artean bere bizitzako asmakizun handiena garatzeko gai izan zen tipoa: eguraldiaren araberako soinuak sortzen dituen sintetizadorea! Zehaztasunerako lekurik ez dudanez, soilik esango dut gai dela tenperatura, argitasuna, hezetasuna eta, esaterako, airearen abiadura jaso, prozesatu eta musika sortzeko. Quintronek aparatua on line konektatu du, eta New Orleanseko eguraldia entzun daiteke munduko edozein tokitatik. Kimioterapiaren eraginez ohean lur jota zegoenean, hori entzuten zuen Quintronek. Horrek sendarazi duen ez dakigu, baina... Ez al da liluragarria musikaren indar eta eraginari buruz hain gutxi dakigula jabetzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.