Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Lander

2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Oso gustura irakurri dut Lander Garrok Badok atarirako prestatu duen kantu zerrendarekin batera idatzitako testua. Aukeratutako abesti batzuk oso gogoko ditut, eta beste batzuk ez hainbeste, normala denez. Baina doinu eta artista bakoitzaren ezaugarriak deskribatzeko modu garbia eta, bereziki, sortzaile bakoitzak beregan izan duten eragina azaltzeko duen era kutsakorra da guztiz liluratuta utzi nauena. Konplizitatezko irribarre eutsiezinez irakurri dut Itoizen musikari chill-out etiketa ezartzen dion unea edota Benito Lertxundi paisajista sonoro moduan goraipatzen duen beste hori. Bikain, Lander!

Haren ondoan, Joseba Ponceri eginiko elkarrizketaren titulua dakusat: «Gazte martzianoen falta sumatzen dut». Zeinetan martzianoak Josebak biziki miresten dituen 1990eko hamarkadako musika talde bortitz, apurtzaile eta askeak diren. Esaten duena ulergarria egiten bazait ere, eta noizbehinka nik neuk ere hala pentsatu dudala onartu behar dudan arren, ez nator bat Josebaren ikuspuntu horrekin.

Alde batetik, gaztaroan entzuten dugun musikak gugan uzten duen aztarna ezabaezina eta gaindizezina da. Plastilina bezain malguak gara aro horretan, eta belaki baten antzera xurgatzen ditugu kanpoko eraginak. Dena da zirraragarri, berritzaile eta martzianoa. Gero, urteak aurrera joan ahala, lurtarragoak eta kaxkarragoak iruditzen zaizkigu haietako zenbait disko eta talde. Aldi berean, denborak eskaintzen digun ikuspegi zabalaz profitatzean, modu ezberdinez begiratzen ditugu garai haietan konbentzionalegitzat jotzen genituen beste hainbat eta hainbat musika. Landerren antzera, iraganeko martzianoak ikusteko gai zaren une horren zirrara geroz eta preziatuagoa zait niri.

Egungo martzianoak gure artean dira, ezbairik gabe. Bilatzerik ez dago, ordea, ez baitago zer bilatu. Kasualitatea da beraiekin gurutzatzeko modu bakarra, eta hala denean bere presentziaz konturatzea oso zaila da. Horren hurbil, horren urruti beti. Halakoxea da musikaren xarma eta misterioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.