Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Hau beroa

2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Diskoen berrargitalpen merkatuak zaleen nostalgiarekin maltzurki jokatzen du, eta erraza da noizean behin tentaldietan erortzea. Halako ziurtasun eroso, goxo eta beroa sortzen du milimetrikoki ezagutzen duzun disko berbera luxuzko binilo edizio dotore batean erosi, berriz ere entzun, eta minutu pare batez hunkitzen uzteak. Baina berotasuna segituan epeltzen da eta, erabat hozterakoan, zorioneko diskoaren xede handiena egun batzuez apaleko lehen ilaran protagonismo pittin bat izatea baino ez da.

Zorionez, Light in The Attic-en moduko diskoetxeak dira munduan, eta tarteka This Heat moduko taldeen diskoak berrargitaratzen dituzte. Hots, bigarren eskuko merkatuan prezio neurrigabeetan dabiltzan harribitxiak. This Heat 70eko hamarkadaren bukaeran bi disko eta single bat baino plazaratu ez zituen hirukotea da; gero, kide bakoitzak bere bidea jarraitu zuen (Gareth Williams 2001ean zendu zen). Manipulazio elektronikoz, zinta magnetofonikoak moztu eta itsatsiz, eta perkusioen erabilera irudimentsuan oinarrituz, musika aurrerakoi, mutante eta itzela eginez. Egun ere, entzunaldi bakoitzean belarrietan disko berri bat eratzen dela dirudi, halako botere ilun beldurgarri bat izango balu bezala. Jatorrizko taldearen bi partaideek, Charles Hayward eta Charles Bullenek, berriz elkarlanean hasi eta This Is Not This Heat (Hau ez da This Heat) izenez garbi azaldu nahi izan dute beren jarrera, nor diren eta nondik datozen ahaztu gabe. Londresko Oto aretoan eman duten kontzertuaren kroniken arabera, bikoteak disko zaharretako doinuak desegin eta musika erabat berria sortu du zatitxoak itsatsiz eta zenbait musikariren laguntzaz. Taldearen izpiritu ausart eta apurtzaileari tinko eutsi diote: nostalgiarako lekurik ez da hemen.

Horren aurrean, inoiz baino ulergaitzagoa suertatzen zait rockaren historiako dinosauroen kontzertuek hainbesteko ikusmin eta zirrara sortzea. Egun horren hedatuak diren gorazarre taldeek egiten duten imitazio patxangarekin alderik ez dagoela iruditzen zait. Zaleek barkatuko didazue eta joaten zaretenoi primeran pasatzea opa dizuet, baina nirekin jai duzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.