Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Bestelako musika

2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
New Yorkeko Other Music disko denda xarmagarria ixtera doazela iragarri dute, eta, objektu fisikoa bilatu, ukitu eta begiratzea maite dudanez, pena handiz jaso dut berria. Edonola ere, ez naiz binilozko diskoak desagertzen diren unean musikaren historiaren amaiera apokaliptiko bat gertatuko den beldur diren horietakoa. Teknologia berriek musikan duten eraginaren eztabaida Interneteko deskarga eta euskarri fisikoen arteko lehia batera mugatzen dugu sarritan, eta gatazka hori dagoeneko gaindituta (eta lehenengoaren aldera erabakia) dagoela iruditzen zait niri. Auzia hori baino askoz zabalagoa baita.

Autechre bikoteak, musika elektronikoaren erregelak hogei urtez etengabe apurtu eta gainditu ondoren, bere elseq disko berrian formatu fisikoaren mugak deuseztatzea erabaki du. Interneteko deskargan soilik eskura daitekeen lau orduko obra erraldoi bat baita. Iraupen oso luzeko disko fisikoak argitaratu izan dira, eta posible zen hala egitea, noski. Baina Autechre-ren erabakia irmoa da, eta jarrera hori bere musikaren izaera abstraktu eta matematikoarekin sendoki lotuta dago. Lau ordu horiek edozein ordena eta eran entzun daitezke; jarraian, atzekoz aurrera edo aleatorioki. Obraren iraupena eta izaera norberak erabaki dezake. Hori beste edozein diskorekin egitea posible bada ere, Autechre-ren musikaren malgutasunak eta estruktura askeak ematen dio benetako zentzua. Elementu berak erabiliz infinituki konbinaketa berriak sortzen dituen algoritmo estralurtar bat balitz bezala, entzulearen desira eta uneko baldintzetara egokitu daitekeen musika da azken batean.

Antzeko gauza gertatzen da entzuleak bere nahasketa pertsonalak egitea ahalbidetzen duten aplikazioekin, edo bideojoko baten eskemari jarraituz entzun eta ikus daitezkeen ADR edo Kode9 moduko artisten sorkuntza audiobisualekin. Teknologiaren aurrerakuntzek musika sortu eta entzuteko modu berriak eskaintzen dizkigute, eta horrek jakin nahiaren zirrara eta ezezagunaren beldurra eragiten digu. Baina horretan datza benetako erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.