Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Jaimie

2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Kamasi Washington-en saxo ufada kosmikoen oihartzunak oraindik ere nire buruan dirauela, eta jazzaren ildotik atera gabe, Jaimie Branchen tronpeta ufada ziztagarriekin eman nahi nioke hasiera zutabe denboraldi berriari.

Aztoratuta bainauka, aurten plazaratu duen Fly or Die diskoak. Katigatuta nauka bere istorioak, gaitasunak, eta bebop-eko maisu zaharrak eta egungo elektronika edo noise musikariak era berean maitatzeko azaltzen duen naturaltasunak. Baina, beisbol txapela, hip hopero itxura eta irribarre garbi horren atzean, areto huts eta hotzetan emandako milaka kontzertu, eta drogen menpekotasuna gainditzeko kemena ezkutatzen dira. Ibilbide luze eta arantzatsua egin du 33 urteko emakume ausart honek, bere ahotsa aurkitu eta disko batean estreinakoz grabatzea erabaki duen arte. Eta emaitzari, 35 minutu eskasetan eta free-jazz askatasun kutsakorrez, milaka kolore eta ihesbide iradoki eta aldi berean sintetizatzen dituen maisulana deritzot.

Kamasiren oroitzapenaren harira, Jaimie datorren urtean Donostiako Jazzaldian ikustea zein gauza handia litzatekeen otu zait, eta, berehala, errespetu osoz esaten badut ere, festibal honek bere kartelaren berri ematen duen bakoitzean jasotzen dudan desengainu txikia gogoratu dut. Urtero, arrakasta moduan aurkezten digute antolatzaileek Jazzaldia, eta ikusle kopuru eta antolaketa aldetik hala izatea primeran iruditu arren, artistikoki arrakasta hori zalantzagarriagoa delakoan nago. Urtetik urtera eta hein oso handi batean, jazz ikuskera jakin, eroso eta sobera amortizatu bati dagokio kartela, eta horrek pixkanaka arrakastaz hiltzeko arrisku handian jartzen du festibala. Aire freskoaren behar nabaria dakusat, eta Jaimie gaztea, egungoa, aurrerakoia, emakumea (beste hainbat lekutan bezala, emakumezkoen presentzia musikarien artean oso baxua da Jazzaldian) izateaz gain, zerbait du esateko, eta musikari bikaina da. Une oso ederrak eskaini dizkidan festibal honekiko mirespen eta maitasun osoz diot hau, baina esan beharra nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.