BI AHOTSETARA

Isiluneak

Antton Iturbe -

2018ko maiatzak 13
Jan Jelinek elektronika ekoizle alemaniarrak SWR irratirako konposatu berri duen Zwischen (Bitartean) piezari aurtengo sormen lan zirraragarrienetako bat deritzot. Hamabi pertsonaia publikok elkarrizketetan emandako erantzunetan oinarritutako soinu poesia moduko hamabi collage biltzen ditu. Baina esandakoaren esanahia ez da hemen gakoa, hitzen arteko hutsuneak baizik. Arnasa hartu, eta hurrengo hitz edo esaldia bilatzeko zalantza horretan igortzen ditugun soinu partikula ez-semantikoak, hain zuzen ere. Hizlariaren erretorikarako gabezia edo akastzat hartzen ditugun horiexek berak, poesiarako faktore eta osagarri bilakatu ditu Jan Jelinekek bere eskuetan. Haien anplitude eta frekuentziek kitzikatutako sintetizadore batek sortutako soinuekin nahastu ditu gero, bere ohiko trebezia eta maisutasunez, edertasun bitxi guztiz liluragarriko hamabi collage hauek osatzeko.

Slavoj Zizeketik Lady Gagara, hizlariak kontu handiz izan dira aukeratuak. Hizlari trebeak dira denak, ez baitago hemen txantxa errazerako inongo asmorik. Ustezko isilune horietan, esanahia da isiltzen den gauza bakarra. Entzungarri geratzen diren hasperen, onomatopeia eta marmarrak nolabaiteko gorputz hizkuntza arkaiko baten osagaiak bihurtzen dira collage hauetan. Esanahi guztiz ezberdinak eta berriak iradokitzen dituzte orain, eta geure interpretazioa ere, geure barnean hizkuntza arkaiko horren dekodifikadorea berpiztuko balitz bezala, guztiz ezberdina eta pertsonala izan daiteke.

Ahotsa da gure instrumenturik zaharrena, eta bai hitz egiterakoan eta bai hainbat abestitan ere, hitzezko esanahien igorle izatera murrizten dugu sarritan, bere espresio ahalmena zein zabala izan daitekeen ahaztuz. Joan La Barbaratik Mursegora, han eta hemen, beraien ahotsa edo besteen grabaketak erabiliz, espresiobide horiek arakatu eta irekitzen ari diren artistak baditugu zorionez. Antzinakoena izanda ere, agian ezezagunena baitzaigu, eta asko dugu (ber)ikasteko oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna