Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Atlas

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Oso gustura irakurri nuen joan den igandean Xabierren [Erkizia] zutabea. Erabat ados nagoela onartzeaz gain, musikaren izaera abstraktu, gorpuzgabe eta harrapaezinarekin liluratuta bizi naizela esango nuke, gainera. Musika ezin dugu ukitu edo ikusi, ezta poltsikoan gorde ere —Xabierrek ondo dioenez, ohiko grabaketak transkripzio traketsak baino ez dira—. Elektrizitatearen antzera, bere eragina sumatu dezakegu soilik.

Soinua bibrazio hegalaria da. Ukitzen duen gorputz bakoitzaren gainean bere aztarna txikia utzi eta, aldi berean, hurrengo gorputz baterantz errebotatzen du, desagertzen den arte. Baina noiz desagertzen da? Edo inoiz desagertzen al da? Galdera hori datorkit burura Arthur Russell konpositore handiaren omenezko irratsaio baterako kantuak entzun eta aukeraketak egiten nagoen bitartean. Batik bat, World Of Echo (Oihartzunaren mundua) diskoaren edertasunak astintzen nau, bere ahots hauskorrarekin eta txeloaren erreberberazio etengabeaz eraikitako mundu soniko txundigarrietan murgiltzean. Diskoaren barneko idazkiak unibertso paralelo amaigabeak eratu ahal izateko ametsa azaltzen du, erreberberazio hori, hain zuzen ere, espazio eta denborari aplikatuz. Musika hau entzutea eta gure barnean hazten uztea CDaren bit-ek gorde ezin duten esperientzia pertsonal bat bilakatzen da orduan.

Badira musikaren bibrazioak gorputzak ukitzean gertatzen den erresonantziaren efektu sendagarriak goraipatzen dituztenak, baita planetak berak duen barne bibrazioarekiko eskaintzen digun lotura ere. Egiazkoa edo ez, misterio gehiegi dago oraindik musikaren botere eta izaeraren inguruan, binilo edo mp3 batek dena gorde ahal izateko.

Real Estate taldearen Atlas diskoa entzuten ari naiz orain, eta Primavera Sound jaialdiko kontzertu miragarri hartan entzun nizkien gitarra arpegio haien oihartzuna oraingo entzunaldiarekin nahasten direla sentitzen dut, eta bibrazio sendagarriek nire gorputz guztia laztantzen duela ere bai. Tira, horixe da benetan kontatu nahi nizuena…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.