Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Jazz politikoa

2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Azkoitiko Matadeixe. Spain is the Place jazz laukote sutsuak bere saioa amaitutzat eman du, baina ikuslegoak bis bat eskatzen die. Lauren arteko eztabaida txiki baten ondoren, Ricardo Tejero saxo jotzaileak «oraintxe» konposatu duten pieza bat joko dutela iragarri, eta segituan hardcore-jazz zaplazteko itzel batez astintzen gaitu.

Urretxuko Santa Barbarako baseliza. Kalegorrian Festibala. Julen Axiarik bere Bengalifere Trio-ren saioa «muineko gai bat oinarri hartuz, beste bi ideia ezberdinekin uneko sentsazioen arabera jokatuz» pieza bakar batez osatuko dela esan ondoren, aho bete hortz utzi gaitu bere musikaren poesiaz eta bere ahotsaren sentiberatasun zoragarriaz.

Donostiako Dabadaba aretoa. Natural Music Society taldearekin psikodelia-jazz saio errepikakor eta zerutiar baten bultzadaz lurretik trantzean altxatu aurretik, Joshua Abramsekin hitz egiteko aukera izan dut. Zera kontatu dit: «Bizirik dagoen musikak erakartzen nau. Estetika jakin bat jarraitzea baino, nirekin diren musikariekin eta entzulegoarekin energia banatzea dut helburu. Musikari ezberdinei askatasun osoz sartzeko eta irteteko modua ematen dien egitura musikalak eratu nahi ditut. Etengabe eta pixkanaka bilakatuz, partaide guztien ahotsa entzungarri den puntu batera iritsi nahi dut, eta, hortik abiatuz, persiar alfonbra baten marrazkien itxurazko ehundura musikal etengabeak sortu. Mundu guztian zehar daramat alfonbra hori, musikari ezberdinekin banatuz eta guztiak ekarpenak egitera gonbidatuz».

Jazz inprobisazioen misterioak erabat liluratzen nau, eta milaka norabidetan kitzikatzen du nire irudimena. Agian, Natural Music Society-ren kutsu lisergikoaren laguntzaz urrunegi joan naiz oraingoan. Baina, musikari horien guztien doinuek eratutako energia sare unibertsalean, milaka kantu panfletariotan baino mezu politiko sakon eta indartsuagoa ez ote dagoen galdetzen diot neure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.