Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Paradisua

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ikusle gisa jaialdi erraldoiek gero eta nagikeria handiagoa ematen didate, baina egia da, tamalez, mundu mailan puntan dabiltzan hainbat talde ikusteko aukera bakarra horiek direla gaur egun. Talde horietako batzuk AEBetan, Kalifornian, ospatzen den Coachella jaialdian elkartu dira egunotan, eta Internetez, streaming bidez, ia 60 kontzertu ikusteko parada egon da. Etxeko egongelatik hotz xamar ikusten dira kontzertuak, baina erosotasunak ere baditu alde onak. Aurten, polemikak zipriztindu du Coachella nolanahi ere, Phillip Anschutz, jaialdia antolatzen duen konpainiaren jabea, kritikatu egin baitute LGTBQ mugimenduaren aurkako taldeei milioi askoren donazioak egiteagatik.

Musikaren gainetik modaren eta hipsterren gotorleku bilakatu delako eta hasierako espiritua erabat galdu duelako ere kexu dira. Dirua behintzat eduki behar da hara joateko, asteburuko oinarrizko bonuak 500 euro balio baitu. Hazia Pearl Jam taldeak erein zuen, 1993an. Ticketmaster-ek zuzeneko saioen sarreren salmentetan zuen monopolioaren aurka protestatzeko bere kasa antolatu zuten kontzertua egun jaialdia antolatzen den lekuan. 25.000 ikusleren aurrean jo zuten. Hainbat antolatzailek begiz jo zuten ingurua, eta handik sei urtera sortu zuten jaialdi erraldoia.

Niri jaialdi bat antolatzeko aukera emango balidate Zugarramurdira (Nafarroa) joango nintzatekeela uste dut. Duela gutxi eman genuen kontzertua bertan, Paradisua deitzen dioten leku batean. Herritik aparte, mendian erdi galduta, badago haitzek naturalki osatutako zirkulu bat, eta hantxe erdian jarritako oholtzan jo genuen, zuhaitzek babestuta. Ehun lagunentzako tokia egongo zen gehienez. Gauez, bi-hiru lanparek bakarrik argiztatzen zuten ingurua eta bazegoen halako ukitu magiko bat. Iraganeko akelarreak halako zerbait izango zirela iruditu zitzaigun han egon ginenoi eta sorginduta bezala alde egin genuen etxera. Badaezpada ere, ez dut esango nola iritsi, Coachellan gertatutakoa gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.