Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Guarapo

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bere ohiko fintasunaz eta jakituriaz, Londresko Honest Jons diskoetxe eta dendak Kolonbiar Guarapo estiloari eskainitako binilo bikoitzeko bilduma ederra plazaratu berri du. 1950eko hamarkadako Cartagena eta Barranquillako hirietan, jamaikar soundsystem-en antzera sortu ziren picó izeneko jaialdietan ditu sustraiak Guarapo musikak. Auzoetako patioetan, birziklatutako baliabide tekniko xumeez eraikitako soinu sistematan, picó selektor-ek bertako cumbia eta porro estiloko diskoak jartzen zituzten, dantza festara deituz. Pixkanaka, baliabide teknikoak hobetzen eta disko aukera zabaltzen joan ziren, marinelek AEB, Kuba eta Afrikatik ekartzen zituzten saltsa, manbo eta soukous diskoei esker. Doinu esklusiboenen eta zirraragarrienen bila, picó selektor-en artean sortutako lehian datza harrezkeroztik bizirik diharduen picotera kultura.

Egungo picoteroek, hip hop DJen break-en antzera, afrikar doinu zahar haiek sanpleatu eta loop erritmikoak berriz nahastu eta moldatuz musika pieza motzak sortzen dituzte. Gau bakoitzerako pieza esklusiboak dira, unean egindakoak eta une horretarako soilik. Guarapo da etengabe aldatzen eta bilakatzen ari den ekoizpen estilo mutante honen izena, etaberrogei laginez osatzen da Honest Jons-en bilduma.

Doinu horien argitaratzeak hainbat galdera eta kezka interesgarri sorrarazten dizkit. Jatorrizko egileek dirurik ez jasotzea bidegabetzat har daiteke, eta unean unerako egindako doinu espontaneo eta gordin batzuk binilo batean prentsatu izana kontraesana dela esan daiteke. Baina, tira, bilduma ikaragarrizko sormen erakustaldia da, eta doinu horiek Barranquillako gau giroan betirako disolbatu izan balira, haiek iradokitako gorputz dantzarien gertutasun erotikoak, izerdiz eta itsasoko lurrinaz gazitutako haize epelarenferekak, olio finitu, espezia eta alkoholaren usain zorabiatzaile goxoak eta dantzaren zirrara sentsualek ez luteke gure azaro goibel honen izotza urtuko.

Maite Larburuk ederki zioen bezala, musikaren bitartez, iluntasuna urratzen duen argia entzun dezakegu. Baita beroa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.